Berria

Adimen artifiziala, nahasmendu neuromuskularrak diagnostikatzen laguntzeko

2023ko uztailaren 14a
IA-diagnosticar-trastornos-neuromusculares-Tecnalia

“Gaixotasun neuromuskularrek erasandako pazienteen diagnostiko-tasa % 30 igotzea espero dugu”

Adimen artifizialak nahasmendu neuromuskularrak diagnostikatzen laguntzen die medikuei

Neuroingeniaritzako eta adimen artifizialeko gure aditu-taldeko kide batzuk (Michael Obach, Ainara Garzo eta Kristina Stemikovskaya) Modenan bildu da adimen artifizialarekin lanean diharduen CoMPaSS-NMD ekimeneko gainerako kideekin. Gure helburua medikuei bide terapeutiko pertsonalizatuak diseinatzen eta nahasmendu neuromuskularrak diagnostikatzen laguntzea da.

CoMPaSS-NMD —Computational Models for new Patients Stratification Strategies of Neuromuscular Disorders— Europako Batzordeak kofinantzatutako proiektu bat da, eta helburu du gaixotasun neuromuskular hereditarioak dituzten pazienteak doitasun handiagoz eta modu pertsonalizatuagoan diagnostikatzeko, monitorizatzeko eta tratatzeko tresna berri eta unibertsalak garatzea. Taldekatze-teknika aurreratuei esker, antzeko ezaugarri klinikoak dituzten paziente-taldeak identifikatuko ditu CoMPaSS-NMD ekimenak. Patologia horiek gazteei eragiten diete askotan, eta epe luzeko desgaitasuna eta heriotza goiztiarra ekar ditzakete.

Rossella Tupler Modenako Unibertsitateko genetista medikoak koordinatzen du ekimena, eta hauek dira parte-hartzaileak: Italian, Frantzian, Alemanian, Finlandian eta Erresuma Batuan dauden sei zentro kliniko (bioteknologikoa, IKT, adimen artifiziala, etikoa eta juridikoa) eta industriako lau bazkide (haien artean, TECNALIA). Haietako asko gaixotasun neurologiko arraroetarako erreferentziazko Europako sarearen esparruan daude.

Adimen artifizialak diagnostiko kliniko zehatzak emango ditu

Zentroetatik datu multidimentsionalak ematen ditugu (klinikoak, genetikoak, histopatologikoak eta erresonantzia magnetiko bidezkoak). Datu horiek prozesatu eta erabili egingo dira, taldekatze-algoritmoetan oinarritutako tresna konputazionalen bidez antzeko pazienteen taldeak identifikatzeko.

Ondorioz, CoMPaSS-NMD Atlas plataforma martxan jartzea espero dugu, hots, adimen artifizialean oinarritutako aplikazioa, karakterizazio eta diagnostiko kliniko zehatzak emango dituena. Horrek eragin handia izango du esparru horretako ikerketan eta Europako osasungintzan.

Lan berri honi esker, eta pazientean zentratutako ikuspegi multidimentsionala ardatz hartuta, gaixotasun hauen diagnostiko-tasa % 30 igotzea espero da, baita Europako osasun-sistema nazionalek ekintza eraginkorrak sustatzea ere.