"AI4ES sarea lagungarria izango da lanpostu berriak sortzeko eta adimen artifizialarekin eta datuetan oinarritutako beste teknologia batzuekin lan egiteko gaitasuna duten profesionalen eskasia arintzeko"
Adimen artifiziala eraldaketa digitalaren motor gisa aritzen da
Digitalizazioaren ardatz nagusia enpresaren balio-proposamena eraldatzea da: prozesuak eta negozio-ereduak birdiseinatzen ditu, lehiakortasuna areagotzeko. Ekonomia gero eta konplexuagoa den honetan, eskura dagoen datuen bolumenak eta negozioaren konplexutasunak erabakiak bizkor hartzea eskatzen dute.
Sare berri honen aurkezpenean, Silvia Leal eraldaketa digitaleko adituak adierazi zuen enpresen produktibitatearen hazkundea haien produktu eta prozesuen digitalizaziotik etorriko dela batez ere. Adimen artifiziala funtsezkoa izango da eraldaketa horretan, eta, horrenbestez, enpresei lagundu behar zaie gai horren inguruan duten ezagutza zabaltzeko eta haren garapena bultzatzeko.
Etengabeko ikaskuntzako ereduetan oinarritutako AA
Javier Del Ser TECNALIAko adimen artifizialeko ikertzaile nagusi eta arduradunak azpimarratu zuen zer-nolako garrantzia duen "etengabeko ikaskuntzako ereduetan oinarritutako AA bat eta datuaren bizi-zikloari laguntzeko sistema autonomoak garatzeak. Laborategiko garapen gehienak esperimentazio-kondizio idealetan lantzen dira; hau da, AAn oinarritutako garapen horiek egoera praktikoetan izango dituzten inguruabar praktikoetatik urrun". Horregatik, adierazi zuen garrantzitsua dela erabilera-kasu errealak garatzea, kasu horietan garrantzia hartzen baitute beste alderdi batzuek; adibidez, fidagarritasuna, jasangarritasuna eta AAko ereduen moldaketa.
Laura Olcina ITIko zuzendari gerenteak azaldu zuen AI4ES "datuan oinarritutako teknologia gaitzaileen bikaintasun-sare bat dela, Espainiako erreferentzia bihurtu nahi duena datuak modu adimendunean prozesatu eta analizatzeko aukera ematen duten teknologia digitalen ikerketan, garapenean eta transferentzian".
Teknologia horiek arlo hauek hartzen dituzte: datu-iturri masiboen biltegiratzea eta prozesatzea (AAn eta datuetan espezializatutako konputazio-azpiegiturak), datuen kalitatea eta analisi adimenduna hobetzea (Big Data Analytics eta Machine Learning) eta datuen kudeaketa eta atzitze seguru eta fidagarria (Data Spaces).
Partzuergo teknologikoa eta erakunde finantzatzaileak
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, CDTIk, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak eta Europar Batasunak (Espediente-zk.: CER20211030/ Finantzaketa: 1.049.917 euro) finantzatu dute partzuergoa.
AI4ES sarea partzuergo teknologiko batek osatzen du, eta partzuergo horrek TECNALIAren eta Espainian eta nazioartean erreferentzia diren beste hiru zentro teknologikoren (ITI Informatikako Institutu Teknologikoa, CTIC Fundazioa Zentro Teknologikoa eta Eurecat. zentroen) gaitasun, azpiegitura eta jarduerak bateratu eta harmonizatzen ditu. Zentro horiek Cervera bikaintasun-zentro bilakatzen dira teknologia horietan, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari, CDTIri eta Europar Batasunari esker, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren «Next Generation EU» funtsen bidez.