Tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuak (UAV) hiriguneetan erabiltzeko garatzean, aire-espazioa erabiltzen duten guztiek segurtasun osoz elkarrekin aritzeko bideak ezarri behar dira
Tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuak (UAV) hiriguneetan erabiltzeko garatzean, aire-espazioa erabiltzen duten guztiek segurtasun osoz, mugarik eta murrizketarik gabe elkarrekin aritzeko bideak ezarri behar dira. Horixe da TindAIR ekimenaren misioa: hiriguneko aireko mugikortasunari (UAM) buruzko eskala handiko erakusketa batzuk egingo ditu, arreta nagusia plataforma hegalari moten arteko gatazken kudeaketan jarrita.
Belaunaldi berriko aireontziek propultsio-sistema alternatiboak, ibilgailu-diseinu berriak eta funtzio gero eta automatizatuagoak dituzte, eta urrutitik pilotatu daitezke (hala nola taxiak eta droneak). Ibilgailu horiek hiri handietako garraiobide-moduen eskaerari erantzuten diote, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten dituzte.
SESAR programak Europako “U-space” kontzeptua sartu nahi zuen bere ikerketa- eta berrikuntza-lanetan, tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuen eta droneen integrazio segururako operazio-kontzeptu berriak garatu ahal izateko, teknologia berriek eta lehengoek babestuta. “U-space” kontzeptua zerbitzu deszentralizatuen multzo bat bat da, zeinen helburua baita tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuak aire-espazioan integratzea, hegazkin tripulatuekin batera.
Partzuergoak erakusketa batzuk egingo ditu, aireontzi tripulatuen eta tripulatu gabeen konbinazioen bidez erabilera adierazgarriak ikusteko. Operazio-egoeretan hirietako beharrei helduko zaie; esate baterako, hauei: larrialdietako garraio medikoak, bidaiarien garraioa eta kargen garraioa. Muturreko kasuak hartuko dira kontuan, hala nola sektorearen saturazioa eta larrialdiko lurreratzea. Probak egiteko, mota, ahalmen eta automatizazio-maila desberdinak dituzten ibilgailu batzuk erabiliko dira aire-espazio berean.
TindAIRen erakustaldiak
TindAIRen erakustaldiak, 2022rako programatuak, Frantziako hiri batzuetako periferiako eta hiriguneko ingurune batzuetan egingo dira; besteak beste, Tolosan eta Bordelen. Gatazkak hautemateko eta konpontzeko laguntza estrategiko eta taktikoa izango dute ardatz. Helburua, berriz, gatazkak hautemateko eta konpontzeko funtziorako operazio-kontzeptuak eta xede-arkitektura baliozkotzea, aire-espazioaren erabiltzaile guztientzat. Soluzioak U-space zerbitzu baliozkotuak emango ditu hiriko aireko mugikortasuneko (UAM) modu horien etorkizuneko erabiltzaileei.
Proiektu hau, bestalde, aukera bikaina da adimen artifizialeko algoritmo bat daukan gatazka taktikoak konpontzeko zerbitzu-modulu batekiko operazioak erakusteko; modulu hori U-spaceren etorkizuneko garapenetan txerta daiteke. TindAIR partzuergoan askotariko jardueren ordezkaritza perfektu bat ariko da elkarlanean, eta espero dute lankidetza hori arrakastatsua izango dela. Honela osatua dago ordezkaritza hori: ETE berritzaileak, ikerketa-laborategiak, aireko taxien diseinatzaileak eta hornitzaile industrialak. Horiek guztiak Innov’ATMk koordinatuko ditu; Frantziako enpresa bat, adimen artifizialeko espezialista ezaguna, tripulaziorik gabeko sistemen (UTM) eta C-UAS sistemen aireko zirkulazioa kudeatzeko.
Informazio gehiago
TindAIRek Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantziazioa jaso du (dirulaguntza-zenbakia: 101017677), proiektu-deialdi honen esparruan: SESAR-VLD2-03-2020 “U-space capabilities and services to enable Urban Air Mobility”:.
Innov'ATMk eta Sophie Althabegoitek koordinatzen dute proiektua, eta Frantzia, Italia, Espainia eta Erresuma Batuko enpresa eta ikerketa-laborategi batzuek hartzen dute parte.