“Neuroprotesi hibridoen soluzio berriek exoeskeleto aktibo eta pasiboen teknologiak eta elektroestimulazio funtzionala (FES) konbinatzen dituzte”
Iktusa izan duten pazienteen susperraldiaren etorkizuna: neuroprotesi hibridoak
Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatean bildu dira neurorrehabilitazioaren sektorearen berrikuntzan gakoak diren eragile nagusiak, eta neurorrehabilitazioaren sektorera aplikatutako teknologietan izan diren azken berritasunak eta talde klinikoen beharrak aurkeztu dituzte.
Gure lankide Igone Idigorasek, TECNALIAko osasun-proiektuen kudeatzaileak, TECNALIAk parte hartzen duen neurorrehabilitazioaren arloko bi ikerketa-ildo aurkeztu ditu: Europako REHYB proiektua eta NEWRO ekimena.
TECNALIAk Europako REHYB ekimenean duen parte-hartzea koordinatzen du Igonek. Ekimen horretan, aurrerapen handiak eta soluzio berriak garatzen ari dira iktusa izan duten pazienteen errehabilitaziorako eta goiko gorputz-adarrei laguntzeko neuroprotesi hibridoetan. Soluzio horiek elektroestimulazio funtzionala (FES) duten exoeskeleto aktibo eta pasiboen teknologiak eta kontrol kooperatiboko estrategien garapena konbinatzen dituzte, paziente bakoitzaren beharren eta bilakaeraren araberako laguntza sortzeko.
Goiko gorputz-adarrei erasan dien iktus bat izan duten pertsonen % 60k ez du erabat berreskuratzen funtzioa, eta erasan larria izan dutenen % 30ek ez du beste aukerarik.
Testuinguru horretan, paziente bakoitzaren beharretara eta errehabilitazio-prozesuan duen bilakaerara egokitzen diren soluzioetarantz aurrera egitea proposatzen da REHYBen. Helburua pazienteari errehabilitazio pertsonalizatuko terapia eskaintzea da, pazienteak lehendik duen edo errehabilitazio-prozesuan berreskuratu ahal izan duen hondar-funtzioa ustiatzeko.
Atariko ikerketen arabera, istripu zerebrobaskularra izan duten pazienteen goiko gorputz-adarretako errehabilitazioaren efizientzia hobetu egin daiteke, baldin eta, exoeskeleto aktiboa duen gidaz gain, erabiltzaileen funtzio motorrak aktiboki kontrolatzen badira estimulazio elektriko funtzionalaren bidez (FES). Sistema hibrido horiek abantaila ugari dituzte, erabiltzaileen muskulu-jarduerak berak abiarazten dituelako mugimenduak, eta ez direlako pasiboki gidatzen kanpo-indar baten bidez soilik (exoeskeletoa).
Helburua da errehabilitazioan entrenamenduaren efizientzia maximizatuko duen sistema hibrido bat sortzea, erabilera-esperientzia atsegina eskainiz eta pazienteei eguneroko bizitzako jardueretan lagunduz.
Idigorasek, zenbait hilabetez ikertzen aritu ondoren, egingo diren urratsetako batzuk azaldu ditu, hala nola azken prototipoak integratzea eta medikuekin eta pazienteekin proba klinikoak egitea.
Laster garun-makina interfaze hibrido berritzaile baten ikerketa jarriko da abian.
Halaber, TECNALIAk 2023. urtearen amaieran martxan jarriko duen proiektu garrantzitsu baten zenbait ildo aurreratu ditu: garun-makina interfaze hibrido berritzaile bat.
Proiektu hori NEWRO da, orotariko desgaitasun-mailak dituzten iktus-pazienteentzako (paziente kroniko eta larrienak barne) errehabilitazio motorreko sistema bat. Sistemak pazientearen mugimendu-asmoa lotzen du, pazientearen garuneko eta/edo muskuluetako seinale elektrikoen bidez deskodetua. Horretarako, beso paralizatuari lotutako exoeskeleto bat mugitzen da eta, hala, neuroplastikotasun-mekanismoak aktibatzen dira (gizakioi iktus baten ondoren galdutako funtzio bat berrikasteko gaitasuna ematen diguten mekanismoak).
Paziente eta klinikoentzako abantaila handiak
Sistema horrek goiko gorputz-adarreko mugikortasuna berreskuratzeko aukera ematen die pazienteei. Berriz ere erabil dezakete eguneroko bizitzako zereginetan eta, hala, mendekotasun-maila murriztu, partzialki edo erabat, baita gaur egun soluzio eraginkorrik ez duten kasu larrienetan ere.
Langile klinikoentzat aukera bat da, tratamendu efiziente eta eraginkorra eskain baitezakete erabiltzen erraza den teknologia bat baliatuz; gainera, zenbait paziente trata daitezke aldi berean, efizientzia handituz eta langile-kostuak murriztuz.