"Bizkaia Connected Corridor BFArekin batera egindako proiektu bat da, enpresek mugikortasun autonomo, konektatu eta kooperatiboaren eta azpiegitura adimendunen inguruko teknologia aitzindariak probatu ditzaten"
"BIM, Cloud, IoT, Big Data eta beste teknologia batzuk erabiliko dituen testatze-plataforma bat (TESCOR) garatzen eta inplementatzen dihardugu, eta hartan ezarriko dira Bizkaiko bide-sareko lau azpiegiturak"
Bide-sarea digitalizatzea da Bizkaia Connected Corridor proiektuaren helburuetako bat, eta zenbait teknologia inplementatuko dira horretarako. Teknologia horien adibide dira garraio-sistema adimendun kooperatiboak (C-ITS): ibilgailu-azpiegitura komunikazioa (V2I) eta ibilgailu-ibilgailu komunikazioa (V2V) gauzatzen dute, errepidearen egoerari buruzko abisuak bidaltzeko.
Bestalde, Bizkaiko bide-sareko lau azpiegitura sentsorizatuko dira IoT teknologiaren bidez, eta biki digital gisa erabiliko dira. Eta, azkenik, enpresek eta ikerketa-zentroek Bizkaiko foru-errepideak erabiliko dituzte jokaleku apropos gisa beren teknologiak Living Lab ingurune batean probatzeko kondizio errealetan.
Komunikazio kooperatiboko lehenengo balizak (RSU)
Urte-amaierarako instalatuko da lehenengo C-ITS elementua, hots, komunikazio kooperatiborako lehenengo balizak (RSU). Kondizio meteorologiko txarren, obren, ibilgailu-pilaketen, errepideko oztopoen eta bestelako gorabeheren berri emateko gertaera-mezuak jaso eta bidaliko dituzte, bai ibilgailuen artean, bai kontrol-zentroekin. Hala, erabiltzaileek aurrea hartu ahal izango diete larrialdiei eta auto-ilarei. 2022an zehar instalatuko dira gainerako balizak, eta 2024rako erabat erabilgarri izango da.
Horrez gainera, BIM, Cloud, IoT, Big Data eta beste teknologia batzuk erabiliko dituen testatze-plataforma bat (TESCOR) garatzen eta inplementatzen dihardu TECNALIAk, eta hartan ezarriko dira Bizkaiko bide-sareko lau azpiegiturak. Sortzen diren BIM ereduak eta azpiegitura horietan kokatutako IoT sentsoreetatik iritsitako datuak datu-hub batean eskuragarri egongo dira, eta hub hori eskatzen duten enpresa eta ikertaldeen esku jarriko da.
Artxandako kontrolgunean showroom bat egokitzen ari dira Bizkaia Connected Corridor proiektua ezagutarazteko. Ekitaldi eta jardunaldiak egingo dira han, eta instalatu diren teknologiak eta aldian-aldian martxan dauden proiektuak erakutsiko.