ENGIMMONIA ekimenean, erregai alternatibo deskarbonizatuak garatzea, soluzio fotovoltaikoak integratzea, hondar-beroa berreskuratzea eta energia kudeatzeko sistema bat sortzea aurreikusten da
Teknologia fotovoltaikoetako gure adituek aurre egin diote itsasontzietan sistema fotovoltaikoak integratzeko erronkari; zelula fotovoltaiko integratuak dituzten material konposatu berriak (konpositeak) garatzea aurreikusten duen soluzio berritzaile bat dute. Zelula horiekin, egiturazko produktuak egin daitezke. Sistema fotovoltaiko horiek, itsasontzien zenbait partetan integratuta, itsas baldintza gogorrak jasango dituzte: giro hezea, korrosioa eta gazitasuna.
Energia termikoko gure ikertzaileek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, lurreko erabileretan ondo frogatutako energia garbiko teknologiak itsas sektorera transferitzeari ekingo diote. Hauek dira teknologia horiek: Rankineren ziklo organikoan (ORC) eta adsortzio-hozkailuan oinarrituta hondar-beroa berreskuratzea, elektrizitatea sortzeko eta hozteko; erregai-energia-bero kudeaketa optimizatzea, energia denbora errealean kudeatzeko sistema berritzaile baten bidez; eta erregai alternatibo deskarbonizatuak (amoniakoa) erabiltzea itsas sektorean, ingurumen-inpaktua txikiagotzeko.
ENGIMMONIAn garatutako teknologiak eskala errealeko MAN motorretan probatuko dira, baita hiru itsasontzitan ere: FAMOUS petrolio-ontzia, DANAOS itsasontzia eta ANEK ferrya.
Informazio gehiago
- ENGIMMONIAri buruzko prentsa-oharra: distantzia luzeko itsas garraio erabat deskarbonizatua lortzeko teknologiak
- ENGIMMONIA proiektuak Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantziazioa jaso du, 955413 zenbakiko dirulaguntzaren bidez. Proiektuan, bederatzi herrialdetako 21 bazkide biltzen dira.
- ENGIMMONIA ekimena itsasontzien emisioak murrizteko soluzio berritzaileak garatzera bideratua dago.