Berria

Ekonomia zirkularra eraikuntzaren industrian: ICEBERG

2022ko urriaren 17a
Demolición de un edificio con separación de residuos

"Ekonomia zirkularrean oinarritutako soluzio berritzaile eta jasangarriak bilatzen laguntzen dugu eraikuntza-industriarako"

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinena da (EEH), bolumenari dagokionez, Europar Batasuneko hondakin-fluxurik handiena (350 Mt/urte), hondeaketa-hondakinak kontuan hartu gabe.

TECNALIA buru duen ICEBERG ekimenaren helburua da bigarren mailako eraikuntza-lehengaiak balio-kate zirkular osoan berreskuratzeko soluzio berritzaileak eta errentagarriak garatzea eta erakustea.

Europako Batzordeak, ekonomia jasangarrirako estrategiaren barruan, Ekonomia Zirkularreko Pakete berri bat onartu zuen 2015. urtean, eraikuntza-materialak barne hartzen dituena. Esparru horretan, eraikuntza-sektoreak hondakinak kudeatzeko jardunbideak hobetu behar ditu.

Hainbat onura ekar ditzakete material birziklatuek eta EEHen kudeaketa egokiak: batetik, jasangarritasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta, bestetik, eraikuntza- eta birziklatze-industriarentzako onura ekonomikoa, gero eta handiagoa baita birziklatutako eraikuntza-materialen eskaria.

ICEBERG ekimena

Zehazki, ICEBERG ekimenak arlo hauetako soluzioak garatu eta erakutsiko ditu:

  • Purutasun handiko (> % 92 p) eta eduki birziklatuko (% 30-100) bigarren mailako lehengaiak ekoizteko teknologia aurreratuak. Material hauen zirkulartasuna bermatzen duten azterketa pilotuko sei kasuren bidez egingo da: zura, hormigoia, agregatu mistoa, igeltsuzko plakak, beira, apar isolatzaile polimerikoak eta superinsulazio ez-organikoko materialak.
  • Zeharkako soluzio adimendunak, alderantzizko logistika zirkularreko estrategia berritzaileak barne hartzen dituztenak; adibidez, BIMek lagundutako eraispen adimenduneko tresna hobetu bat.
  • Balio-bizitzaren amaieran dauden materialak berreskuratzeko Teknologia berritzaileak (EBM).

TECNALIAk, 35 enpresak parte hartzen duten proiektua koordinatzeaz gain, trazabilitaterako eta zirkulartasuna hobetzeko tresna digitalak eskainiko ditu.

Informazio gehiago

Europako Batzordea

Proiektu honek Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantziazioa jaso du, 869336 zenbakiko dirulaguntzaren bidez.