Osagaiak eta sistemak elektrifikatuz energia-kontsumoa optimizatzea bultzatzen ari da Europa
Elektrifikazioa aukera ona da automobilgintzaren esparruan eta beste jarduera-esparru batzuetan, erabili eta ezarriz gero lehiarako abantaila lor baitezakete. Nekazaritzan eta abeltzaintzan, gero eta proiektu gehiago ari dira garatzen elektrifikatzeko eta hidrogenoa erabiltzeko: sektorearen jasangarritasuna eta lehiakortasuna areagotzea da helburua.
Batzuetan, gehiago elektrifikatu daiteke segmentu horietan bidaiari-ibilgailuetan baino, haien erabilera-mota edo izaten dituzten lan-zikloak direla eta. Sistemen eta/edo prozesuen analisi integral eta zeharkako egokia egin behar da, haietan erabiltzen den energia optimizatu nahi dela kontuan hartuta. Osagaiak eta sistemak elektrifikatuz energia-kontsumoa optimizatzea bultzatzen ari da Europa, garapen teknologikoari loturiko ingurumen-inpaktuak minimizatzen dituen hazkunde-eredu bat lortzearren.
Dagoeneko hasi dira sektore garrantzitsu batzuk elektrifikatzen, hala nola garraioa eta industria, non ahalegin handiak egiten ari baitira. Joera hori Europako ekoizpen-sarea osatzen duten sektore guztietara iritsiko da lehenago edo geroago, baita nekazaritzara ere, garapen teknologikoari loturiko ingurumen-inpaktuak minimizatzen dituen hazkunde-eredu bat lortzearren.
Adierazpen horiek guztiak "Elektrifikazioak eta hibridazioak nekazaritzako eta abeltzaintzako makineriari dakarzkion aukerak" jorratzeko onlineko jardunaldi teknikoan azaldu zituzten, zeina Clúster Aragonés de los Medios de Producción Agrícolas y Ganaderos (CAMPAG) klusterrak antolatu baitzuen. Pablo Martínez TECNALIAko Automozioaren negozio-arloko zuzendariak parte hartu zuen jardunaldian, eta ibilgailu astunak eta bereziak elektrifikatzeko soluzioez duen ezagutza azaldu zuen.