Trantsizio energetikoaren inguruko ikerketan eta inplikazioan maila handia dugula aitortu du Europak
European Energy Research Alliancek (EERA) batzorde exekutiboko kide gisa aukeratu du TECNALIA. Luis Pedrosa Energia eta Ingurumeneko zuzendaria izango da gure zentroaren ordezkaria batzorde horretan.
Luisen hitzetan, "elkarte ospetsu horren zuzendaritza-taldeko kidea izateak toki ezin hobean kokatzen gaitu trantsizio energetikoaren inguruko Europako joerak eta estrategia zuzenean ezagutzeko. CIEMAT ere batzorde exekutiboan izango da, eta, harekin batera, asmo handiko erronka horri lotutako aukerak aprobetxatzen lagundu ahal izango diegu inguruko enpresei, nola eskualdekoei hala nazionalei".
Aliantzaren zuzendaritza-organoko kide berriek SINTEFeko Nils Røkke aukeratu dute presidente, hirugarren aldiz.
European Energy Research Alliance (EERA) energiaren alorreko Europako ikertzaile-komunitate handiena da. Ikerketan diharduten 30 herrialdetako 250 erakunde biltzen ditu. EERAren baterako ikerketa-programetan, karbono gutxiko sistema bateranzko trantsizio energetikorako teknologia guztiak sartzen dira, baita gai sistemikoak eta zeharkakoak ere.
Gure zentroa EERAko kide hautatzeko, gure masa kritikoa ez ezik, partaide gaituzten programen kopurua ere hartu da kontuan. Ebaluazio horren arabera, Europako 11. zentroa gara: gutxi gorabehera 310 ikertzaile ditugu trantsizio energetikoaren arloan lanean, eta Aliantzaren 18 programetatik 12tan hartzen dugu parte.
Programa horiek gai hauekin erlazionatuta daude: eguzki-energia fotovoltaikoa, kontzentrazioko eguzki-energia, itsas energiak, haize-energia, sare adimendunak, erregai eta hidrogeno zelulak, energia metatzea, energiaren digitalizazioa, prozesu industrialetako energia-efizientzia, hiri adimendunak (smart cities), CO2-a atzematea eta metatzea, eta alderdi eta inpaktu ekonomikoen, ingurumenekoen eta sozialen integrazioa.
Binomio publiko-pribatuari esker, sinergia garrantzitsuak sortu ahal izango dira trantsizio energetikoarekin erlazionatutako I+G dinamizatzeko, bai Espainian, bai Europan.