Berria

ENERKAD tresna euskarri baliozkotu bat da trantsizio energetikoa efizientea izan dadin hirietako plangintza energetikoak egiteko

2021ko maiatzaren 10a
Análisis energético de Bilbao

Udalerriek berebiziko garrantzia dute karbono gutxi erabiliko duten ekonomietarako trantsizio energetikoan

Oinarrizko datu kartografiko eta katastralak eta datu klimatikoak oinarritzat hartuta sortu da ENERKAD tresna; hiri-eremu jakin bateko eraikin bakoitzaren ordukako eskari energetiko termikoa eta elektrikoa kalkulatzen ditu. Aplikazioak eraikinaren energia-diagnostiko bat egiten du, eta diagnostiko hori epe ertainean eta luzean hobetzeko egoera posibleak sortzen eta konparatzen ditu. Emaitza energia-, ekonomia- eta ingurumen-ebaluazio bat da, georreferentziatua (eraikin-bloke bakoitzerako), eta ebaluatutako eremu guztirako ematen da, hainbat formatutan. Besteak beste, 3Dko bisore batean.

Egoera posibleak konparatuta, hobekuntza-neurri posibleen inpaktua neurtzen da: estalki, fatxada eta leihoak birgaitzea (neurri pasiboak); galdarak aldatzea eta beste neurri aktibo batzuk; eta eguzki-energia termikoko sistemak eta sistema fotovoltaikoak instalatzea. Energia orduka kalkulatzen da. Ekoizpen fotovoltaikoari dagokionez, ENERKADek automatikoki egiten du autokontsumoaren balantzea.

Hirietako estalkietako instalazio fotovoltaikoen potentzial errealista kalkulatzen du ENERKAD-Solar tresnak, eta instalazioaren tamaina egokiena zehazten du, ikuspegi ekonomiko eta legal batetik. Horretarako, irradiazio-mapa bat sortzen du fitxategi klimatikoetan, LIDAR datuetan eta katastroko informazioan oinarrituta, zeinak aukera ematen baitu ordukako balantze ekonomikoa eta energetikoa modu zehatz eta fidagarri batean kalkulatzeko.

Irungo Udalak erabili du sistema, hirian eguzki-energia aprobetxatzeko sistemak instalatzeak izango lukeen potentzial erreala zehaztasunez aztertzeko. Udalak, ENERKAD-Solar tresnan oinarritzen den eguzki-energiaren bisore baten bitartez, informazio garrantzitsua jarri du herritarren eskura: eraikinen eskari energetikoa, estalkietan panel fotovoltaikoak instalatzeko dagoen azalera, etab. Inbertsioaren itzulera-denboren analisia eta haietako bakoitzaren autohornikuntza-ehunekoak jasotzen dira azterketan.

Udalerriek berebiziko garrantzia dute karbono gutxi erabiliko duten ekonomietarako trantsizio energetikoan. Hiriaren ikuspegi zehatza izatea funtsezkoa da ekintza eraginkor eta esperantzagarrienak planifikatu eta gauzatzeko aukera emango duten erabakiak hartzeko. Energiaren ikuspegi horrek erabakiak hartzeko prozesuan lagunduko duten tresnak behar ditu, informazioa erraz eskuratzeko aukera ematen dutenak.

Informazio gehiago