Berria

Eraikinen energia-sistema deskarbonizatzeko lanean ari gara

2024ko ekainaren 5a
Descarbonización del sistema energético de edificios existentes

“Bero-ponpetan oinarritutako soluzio berri hau Pasaiako familia anitzeko eraikin batean instalatu da: CO2-emisioak murrizten ditu, eta bizilagunek energia-fakturetan aurreztea eragiten du”

Egungo eraikinen energia-sistema deskarbonizatzea funtsezkoa da klima-neutraltasuneko helburu orokorrak lortzeko.

Azken urteotan, eraikinen energia-sistema birgaitzeko bero-ponpa deszentralizatuetan oinarritutako soluzio teknologiko bat lantzen aritu da TECNALIA. Katean lan egiten duten bero-ponpak ditu oinarri kontzeptuak. Tokian-tokian sortutako energia berriztagarriarekin hibridatzen dira ponpak; nagusiki, eguzki-energiarekin. Hala, berokuntza-sistemarako eta etxeko ur berorako beroa bi etapa edo jauzi termikotan sortzen da:

  • Lehen jauzi termikoa erdigunean gertatzen da; eraikinean banatzen den eta etxebizitza bakoitzera iristen den ura epeltzen du.
  • Bigarren jauzia, etxebizitza bakoitzean. Erdigunean berotutako uraren berotasuna hartuta, berokuntzarako eta ur berorako behar duen beroa ematen dio azken erabiltzaileari.

Europako HAPPENING ekimenaren esparruan garatutako soluzio horrek ahalbidetu dezake energia berriztagarriaren proportzioa handia izatea. Soluzio teknologiko horrek, gainera, ia ez du behar plangintza-, inplementazio- eta operazio-prozesurik; horrek instalazioa kalitatezkoa izatea ziurtatzen du, eta berrikuntza-proiektuaren ahaleginak eta kostuak murrizten ditu.

Gaur egun, Europan, eraikinetan erabiltzen da energiaren % 40, eta haietan isurtzen da CO2-aren % 36. Eskari hori berokuntzako, hozteko eta etxeko ur beroko sistemetatik dator, batez ere.

Testuinguru horretan, bero-ponpak funtsezko teknologia dira energia berriztagarriak sartzeko eraikinetako bero-horniduran; bereziki, energia berriztagarria in situ ekoiztearekin konbinatuta (adibidez, sistema fotovoltaikoaren bidez).

Pasaiako eraikin bateko erakuslea

HAPPENINGen garatutako soluzioak erabilera errealeko hiru kasutan probatu dira, Pasaiako (Gipuzkoa), Italiako eta Austriako eraikinetan. Hala, sistema berri horri esker, eraikinaren autosufizientzia maximizatzea eta bizilagunen energia-fakturetan aurreztea lortu da, eta, gainera, ingurumen-inpaktua murriztu da.

Bero-ponpak garatzeko Europako lankidetza

Europako hainbat erakundek parte hartu dute HAPPENING ekimenean: TECNALIA, Accademia Europea di Bolzano (EURAC), Tecnozenith, Innova SRL, AEE – Institut für Nachhaltige Technologien, GWS, Fraunhofer Gesellschaft, RINA Consulting S.p.A., Green Building Council-España, Asociación Nacional de Empresas de Servicios Energéticos (ANESE), CARTIF, ALOKABIDE.

Eraikinen beroa eta hotza elektrifikatzeko soluzio berritzaileei buruzko jardunaldia

Ekainaren 14an, TECNALIAk jardunaldi bat egingo du Donostian, eraikinetako beroa eta hotza elektrifikatzeko soluzioak aurkezteko. Zenbait kasu erreal aurkeztuko dira han, bai familia bakarreko eraikinetan, bai etxebizitza-bloketan, bai eraikin berrietan, bai birgaituetan instalatutako soluzioak erakusteko.

Ekitaldia bero-ponpen balio-kate osoari zuzenduko zaio: fabrikatzailea, instalazioa eta mantentze-lanak, azken erabiltzailea…

Europar Batasuna

Proiektu honek Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantziazioa jaso du, 957007 zenbakiko dirulaguntzaren bidez.