Berrikuntza arduratsuan eragina izango duten jarduerak egingo ditugu Europako lau eskualdetan
TetRRIS Territorial Responsible Research and Innovation and Smart Specialization proiektuan, Policy Labsen garapenaren buru gara, eta, horren barruan, gaur egungo ikerketa- eta berrikuntza politiketako sistemak aztertzen ari gara. Ad-hoc diseinatutako ikaste-ekosistema horrek eskualdeen arteko ikasketa, baterako sorkuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzen ditu I+Gari aplikatutako erantzukizunaren, jasangarritasunaren, inklusibitatearen, dibertsitatearen eta erreflexibitatearen alorretan.
Berrikuntza arduratsuan eragina izango duten jarduerak egingo ditugu Europako lau eskualdetan. Kantabriakoa da lau pilotuetako bat. Berrikuntza-ekosistema izango du ardatz, eta, zehazki, erkidegoko espezializazio adimendunaren estrategia. Horretarako, alderdi etikoak eta sozialak sartuko ditu estrategian, eta diseinuan eragile nagusiek eta gizarte zibilaren ordezkariek parte hartuko dute.
SODERCAN, Kantabriako Gobernuko Industria, Turismo, Berrikuntza, Garraio eta Merkataritza Sailari atxikitako sozietate publikoa, eta Kantabriako Gobernuko Berrikuntza, Garapen Teknologiko eta Ekintzailetza Industrialeko Zuzendaritza, TECNALIAren laguntzarekin, espezializazio adimenduneko estrategia arduratsuago eta partizipatiboago bat (RRIaren printzipioekin bat datorrena) instituzionalizatzeko jarduerak ari dira garatzen.
Fase batzuk ezarri dira: erkidegoko I+Garen ekosistemaren diagnostikoa eta erkidegoan eragina izan dezaketen zenbait jarduera lantzeko proiektu pilotu batzuen garapena. Datozen urteetan erkidegoak ikerketa eta berrikuntzaren alorrean zer erronka eta aukera izango dituen aztertuko dugu, eta orobat herritarrei dagokienez dituen erronkak eta egungo nahiz etorkizuneko itxaropenak.
Informazio gehiago
- TetRRISen nazioarteko partzuergoa Finlandiako, Espainiako, Alemaniako, Belgikako, Herbehereetako, Hungariako eta Errumaniako bederatzi kidek osatzen dute, eta VTT Finlandiako Ikerketa eta Berrikuntza Institutua da haren buru. Proiektua 2023ko uztailean bukatzea espero da.
- TetRRISekin batera, Co-Change eta SocKETs proiektuak hasi zituen TECNALIAk 2020an RRIaren alorrean.
- TECNALIA proiektu batzuk lantzen ari da Europar Batzordeak Horizon 2020 ikerketako esparru-programaren barruan sustatzen duen Science with and for Societyn.
- Azken urteetan, ikerketa eta berrikuntza arduratsua (RRI - Responsible Research and Innovation) lantzen ari dira alor askotatik, zientziaren eta gizartearen arteko interakzioen kalitatea hobetzeko eta zientziaren mundua eta pertsonen beharrak lerrokatzeko.