"Korronte elektromagnetikoetan oinarritutako teknologia bat garatzen ari gara moldaketan erabilitako harea berreskuratzeko, ondoren galdategietan bertan erabiltzeko"
Galdaketaren sektoreari ekonomia zirkularrerantz pausoak ematen laguntzen diogu, hondakin hareatsuak balorizatzeko teknologia bat erabiliz.
Gaur egun, galdategietan erabiltzen den harearen % 35 baino ez da berreskuratzen; beraz, 150.000 tona harea botatzen dira zabortegietara. "Hormiga" ekimenaren bidez, tasa hori murrizten saiatzen gara, moldaketan erabilitako harea berreskuratuz, korronte elektromagnetikoak erabiliz. Prozesu horri esker, hondar-alea ez da hausten eta egonkor mantentzen da, eta errazago biltzen eta berrerabiltzen da.
Hondar-ale horien egonkortasunak eragin handia du galdategietako ekoizpen-prozesuetan; harea bildu eta gero instalazioan bertan erabiltzeko aukera emango du, lehengai gutxiago kontsumitu beharko da, eta aukera emango du harearen kalitatea instalazioetatik bertatik kontrolatzeko.
Aldi berean, CO2-emisioak minimizatuko ditu, eta enpresei bide emango die ingurumen-helburuekin modu efizienteagoan bat egiteko eta ekonomia zirkularrerantz irmoki jotzeko.
Soluzio malgu bat
Proiektuaren partzuergoa osatzen duten zazpi enpresetan probatuko da teknologia: Furesa, proiektuko burua, Castinox, Amurrio ferrocarril, Gamarra, Grupo Wec, Alju eta Foseco. Galdategi bakoitzak material eta teknologia desberdinak erabiltzen ditu moldaketarako; beraz, ezaugarri horiek kontuan hartuko dira bakoitzaren premien arabera egokitutako soluzioak eskainiko dituen sistema malgu bat diseinatzerakoan.
Proiektua hurrengo ekitaldian amaitzea aurreikusten da, eta hauek hartzen ditu barnean: laborategiko saiakuntzak; behar diren sistema eta labea diseinatzea; eta parte hartzen duten enpresetan prototipoa fabrikatzen laguntzea. Gainera, aurreikusia dago prototipoetan probak egitea eta lankidetzan aritzea atxikitako galdaketa-instalazioetan baliozkotzeko.