Berria

Gure adituen eskutik, ekonomia zirkularraren gakoak azalduko ditugu EiTBn

2021ko abenduaren 15a
Baterias

«Erabili eta botatzeko» ohitura baztertzea, eta ekonomia zirkularraren mesedetan birziklatzea

Euskadik sei milioi tona hondakin baino gehiago sortzen du urtean; Kontxako hondartza lurperatzeko adina, alegia. TECNALIAn, balioa ematen diegu birziklatzeko konplexuak izan daitezkeen hondakinei, hala nola aparatu elektriko eta elektronikoetatik bazterturiko bateriei edo aerosorgailuen motorrek izaten dituzten iman iraunkorrei.

Guillermo del Pozo da hondakinei balioa ematen jarduten duen adituetako bat, eta, azaldu digunez, «gaur egun badugu behar beste ezagutza eta garapen teknologiko, ia nahi dugun guztia birziklatzeko; esate baterako, beira, PET eta halako beste plastiko-mota batzuk, edo aluminioa. Produktu horiek birziklagarritasun-tasa handia daukate».

Bestalde, Jokin Hidalgok hauxe zehaztu du: «Gai gara hainbat lehengai birziklatzeko, hala nola Txilen ekoizten den litioa, % 90ean baino gehiagoan Txinatik datozen lur arraroak, edo baterietako kobaltoa, zeina batez ere Kongon ekoizten baita. Material horien meatzaritzak, garraioak eta arazketak ingurumen-inpaktu handia dute. Ahalik eta ondoen bereizi behar dira hondakinok, birziklatzaileak ahalik eta ondoen egin dezan bere lana».

Hondakinei balioa ematea

Ekonomia zirkularraren ereduak berekin dakar, besteak beste, hondakinak beste bizi-ziklo batzuetan erabili beharra. Hartara, luzatu egiten da hondakinon balio-bizitza eta, horrek, hondakin gutxiago sortzeaz gainera, murriztu egiten du lehengaien kontsumoa.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa da aldaketa bat egitea, oso garrantzitsua: lehengai bat eskuratzeko baliabide naturalak erauzi beharrean –ondoren harekin produktu bat fabrikatzeko, zeinak zakarrontzian edo zabortegi batean amaitzen baitu bizi-zikloaren amaieran–, hondakinak berrerabiltzea. Edo, zehazkiago esanda, lehengai horiek lortzeko azpiproduktuak aprobetxatzea.

Espiraleko ekonomia: industria-sinbiosia

Beharrezkoa da elementu horiek birziklatzea, independenteago izateko eta ez egoteko lehengai horiek hornitzen dituzten hirugarren herrialdeen mende. Telefono mugikorrek, konparazio batera, osagai ugari izaten dituzte beren egituran: metal preziatuak (urrea, platinoa, paladioa...), lur arraroak eta halako material biziki kritikoak pantailan edo higidura sortzen duten imanetan.

Ekonomia zirkularraren aburuz, dena birzikla daiteke. Alabaina, gerta liteke birziklatzearen efizientzia aldatzea. Espiraleko ekonomiaren kontzeptu berri horrek esan nahi du, adibidez, produktu bat edo produktu baten osagai bat birziklatzean, beste industria-sektore batean erabili ahal izatea osagai hori. Sinbiosi industriala deituriko kontzeptu batez ari gara: automobil batetik bazterturiko plastikoa, konparazio batera, birziklatu egin daiteke, eta beste produktu berri bat eskuratu dezakegu harekin, besaulki bat kasu. Eta halaxe aurrera begira ere.