"Hamar proiektu teknologikok, Espainiako bostek eta Europako beste bostek, Zinemaldia Startup Challenge ekintzaileentzako eta startupentzako lehiaketan parte hartuko dute"
Irailaren 28an izango da Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren barruan antolatutako ekimena
TECNALIA da Zinemaldia and Technology jardunaldiaren antolatzaileetako bat: Zinemaldia Startup Challengeko 10 proiektu finalistak hautatzen dituen aditu-batzordeko kidea da. Gainera, ikus-entzunezkoen arloan, teknologia-arloan eta enpresa-arloan ospe handia duten profesionalek osatutako nazioarteko epaimahaiko kideetako bat hautatzeaz arduratzen da.
Zinemaldia Startup Challenge estatuko eta Europako enpresa-proiektuen lehiaketa bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean aplikazioak dituzten garapen teknologikoko enpresa-proiektu berrien alde apustu egin du.
Teknologia finalistak
10 finalistetatik, bost estatuko lehiaketakoak dira eta beste bost Europako proiektuetakoak. Estatuko finalisten artean, honako hauekin lotutako proiektuak daude: metabertsoa, identitate digitala, ikus-entzunezkoen murgiltze-teknologiak eta broadcasta, bai eta kalitate eta konplexutasun handiko ekoizpenak egiteko aukera ematen duten ikaste automatikoko teknologiak ere.
Europako proiektuei dagokienez, adimen artifizialeko teknologien, hodeiko teknologien eta aplikazio mugikorren bidez garatutako proiektuak aukeratu dira.
Epaimahai independente batek aukeratuko ditu proiektu irabazleak, Espainiako bat eta Europako bat, eta bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Gainera, 3.000 euro gehiago emango dira pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako proiektu onena saritzeko. Proiektu irabazleek eta finalistek, gainera, aukera izango dute beren proiektua Euskadin garatzeko 500.000 eurorainoko finantzaketa lortzeko.
Enpresa-estrategia arrakastatsuak
Lehen lau edizioetako proiektu irabazleetako batzuk arrakastaz garatzen ari dira beren enpresa-estrategia. Largo AI proiektuak (2019) 20 herrialdetan baino gehiagotan lortu ditu bezeroak, Filmchain proiektuak (2020) ere hainbat lurraldetan merkaturatu du bere produktua, eta Kinetix proiektua (2021) Beta bertsioarekin ari da lanean eta finantzaketa-saio garrantzitsu bat amaitu berri du. Azkenik, Motmo.pro proiektua (2022) merkatuan dago, eta inbertsio-saio bat jarri du martxan berriki.
Zinemaldia and Technology jardunaldian parte hartzeko, ezinbestekoa da Industriaren egiaztagiria edo Industria Online egiaztagiria edukitzea.