Berria

Haragi freskorako ontzi biooinarrituak, birziklagarriak eta adimendunak

2023ko azaroaren 21a
Consorcio de Redysign: envases biobasados, inteligentes y reciclables

“REDYSIGN proiektua gidatzen ari da TECNALIA, haragi freskorako ontzi adimendun bat, birziklagarria eta zuraren osagaietan oinarritua, garatzeko”.

REDYSIGN ekimena sortu da, haragi freskoa banatzeko ontzi biooinarritu, adimendun eta birziklagarri berri bat garatzeko

TECNALIA buru duen REDYSIGN ekimenak arreta jartzen du baliabideak (energia, ura eta lehengaiak) era efizientean erabiltzen dituzten ekoizpen-teknologia berrietan. REDYSIGNek haragi freskorako ontzi biooinarritu, adimendun eta birziklagarri berri bat garatuko du, egungo plastikozko ontziak ordezkatzeko.

Zura osatzen duten konposatu naturalak erabiliz, hala nola makro-, mikro- eta nanofibra lignozelulosikoak, lignina eta azukreak, ontzia osatzen duten bitarteko produktuak garatuko ditu proiektuak (erretilua, gas eta likidoekiko hesi-efektua egingo duen estaldura, kuxin xurgatzailea eta film tapa gardena). Horrela, bioontzi berritzailea, % 98 baino gehiagoan, zuraren eratorriez osatua egongo da.

REDYSIGN ontzia, gainera, adimenduna izango da, elikagaiak alferrik ez galtzeko bi sentsore izango baititu:

  • Bat usteltze-prozesuak garaiz detektatzeko gai izango da.
  • Eta besteak produktua banatu eta biltegiratzean hotz-katean gerta daitezkeen etenak detektatuko ditu.

Kontuan izan behar dugu bizi dugun ingurumen-krisiaren zati handi baten arrazoia sortzen dugun plastikozko ontzien hondakin kopuru handia dela (EB27n, 2019an, 15 Mtona/urte) bai eta haren birziklatze-tasa murritza ere, munduan % 40 baino ez baita.

Haragi freskoa banatzeko erabiltzen diren plastikozko ontzien kasuan, tasa hori ia zero da, oso egitura konplexua dutelako batez ere.

Birziklapenaren efizientzia

Ekimenak, halaber, birziklapenaren efizientzia hobetzeko bi berrikuntza ezarriko ditu:

  • Lehenengoa da ontzietan txertatutako identifikazio-markatzaileak erabiltzea; hala, produktu horiek, biologikoki kutsatuta egon bailitezke, hondakinak tratatzeko instalazioan sailkatu ahal izango dira.
  • Bigarrenaren oinarria da oxidazio aurreratuko tratamenduak aplikatzea ontziak desinfektatzeko, eta, aldi berean, zuntzak berreskuratzean, hori baita hurrengo eragiketa, energia-kontsumoa murrizteko. Helburua da birziklatze-prozesua efizienteagoa izatea energiaren ikuspegitik.

Partzuergoa

Garapen horiek egiteko, Europako zazpi herrialdetako 13 bazkidek osatutako diziplina anitzeko partzuergo bat eratu da, bioindustrien sektoreko eragile garrantzitsuenetako batzuez osatua: TECNALIA, Eroski, Fábrica Nacional de Moneda y Timbre, PackBenefit, Metgen, Valmet Technologies, Fibenol, Mcairlaid's Vliesstoffe, HOLOSS, VTT, RISE-PFI, Zabala Innovation eta Fenix TNT.

Ontzi zirkularrei buruzko informazio gehiago

Elikagaien sektorerako ontzien arloan, TECNALIAk bi arlotan dihardu: ontzia optimizatzea eta elikagaiaren beraren kontserbazioa hobetzea. Ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena duten soluzioak bilatzen ditu, bereziki zuraren osagaiak erauzteko prozesuei eta ontziaren zatiak ekoizteko prozesuei dagokienez.

TECNALIAren garapen guztien oinarria zirkulartasun-printzipioak dira, eta, aldi berean, iturri berriztagarrietatik (zelulosa eta beste deribatu natural batzuk) eratorritako lehengaiak erabiltzea. Era horretan, lortu nahi da ahal den ingurumen-inpakturik txikiena sortzea eta ontziratzen diren produktuen karbono-aztarna murriztea.

REDYSIGN proiektua (GA 101112521 zk.) Circular Bio-based Europe Joint Undertakingek finantzatzen du, zeina Biobased Industries Consortium-en eta Europako Batzordearen arteko lankidetza publiko-pribatua baita.