“Errautsak produktu efizienteagoak bihurtzen ditugu papergintzaren, kimikaren, eraikuntzaren, plastikoaren eta kautxuaren sektoreetarako”
Hau da gure ikerkuntzaren gaia: erretze-instalazioetako arazte-sistemen hondakinak —errautsak, adibidez— balio erantsi handiko produktuetan eraldatzea, era horretan zenbait sektoretan aplikagarriak izan daitezen.
Agaleus, Sader, Ogerko eta Tamoin enpresekin lankidetzan, errautsak produktu efizienteago bihurtzeko aukera ematen duten prozesu berriak garatzen ditugu, papergintzaren, kimikaren, eraikuntzaren, plastikoaren eta kautxuaren sektoreei zuzenduak besteak beste. Horrela, berreskuratu egingo da erretze-instalazioetako arazketa-sistemetako hondakina, eta baliabide berri bihurtu; zabortegian ezabatzeko egungo ereduari kontrajartzen zaio jokamolde hori.
Orain arte, Espainian ez dago horrelako hondakinak balorizatzen dituen tratamendurik.
Eraikuntzaren eta zementugintzaren sektorearen deskarbonizazioa
Hau da PROCEN ekimenaren oinarria: eraikuntzaren sektorea deskarbonizatu beharra eta negozio-eredu zirkularragoak bilatu beharra. Horri esker, produktu lehiakorragoak lortuko dira, kostu txikiagokoak, ingurumena gehiago errespetatzen dutenak eta lehengaiak errazago eskuratzea ahalbidetzen dutenak.
Ekimenaren helburua da lehentasunezko sektoreetako bat —zementugintza— deskarbonizatzea eta hondakinen zirkulartasuna bilatzea; beraz, bat dator Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Planarekin (ZTBP). Izan ere, plan horren xedea da berrikuntza eta teknologia bultzatuz Euskadi berdeago baterako trantsizioa bizkortzea.
Partzuergoko enpresekin lankidetzan ariko da TECNALIA, errautsak karbonatatzeko, errautsak mikrouhin bidez lehortzeko eta aktibatzeko teknologia elektrifikatuak garatzeko, eta errauts horiek zementu-oinarriko eraikuntzako materialetan txertatzeko.
Ikerketa hasi berria da eta 2025ean amaituko da.
** Proiektu honek SPRI Taldearen (Eusko Jaurlaritza) Hazitek 2023 Programaren sostengua du eta EGEF funtsekin lagundua dago.