"Hondakinen kudeaketan teknologia digitalak txertatzen badira, % 20tik gora handitu daiteke produktibitatea, eta orain baino 1.000 aldiz ziurtasun-maila handiagoa izan daiteke birziklatutako materialen kalitateari buruz"
Adimen artifiziala oso tresna indartsua da hondakinen kudeaketa eraldatzeko eta ingurumen-erronkei aurre egiteko
Baliabide naturalak agortzearen inguruko kezka gero eta handiagoa delarik, adimen artifizialak efizientzia eta doitasuna hobetzen ditu hondakinen kudeaketan eta birziklatzean. Adimen artifizialak produktuen eta baliabideen zirkulartasun handiagoa lortzen laguntzen du, eta hori funtsezkoa da eredu ekonomiko jasangarriagoa bultzatzeko.
Era berean, espero da teknologia horrek eragin nabarmena izatea materialak sailkatu, bildu eta birziklatzeko moduan, datuak prozesatzeko eta aztertzeko ahalmen handia du eta.
Hondakinen kudeaketa optimizatzeko ekipamendu berezia
TECNALIA ekipamendu berezian inbertitzen ari da, baliabide material sekundarioetatik askotariko informazioa (fisikoa, morfologikoa, kimikoa, mineralogikoa…) automatikoki, etengabe eta masiboki jasotzeko eta, ikaskuntza sakoneko algoritmoak erabiliz, material edo produktu horien beste ezaugarri batzuk ondorioztatzeko.
Efizientzia eta produktibitatea baliabide materialak berreskuratzean
Hondakinak kudeatzeko prozesuetan adimen artifiziala gero eta gehiago sartzeak lagunduko du baliabide materialak berreskuratzeko efizientzia eta produktibitatea areagotzen. Horrekin batera, aukera emango du baliabide horien kalitateari buruzko informazio-maila handiagoak lortzeko, eta, hala, konfiantza bermatuko du balio-kate zirkularrak hornitzeko eragileen artean.
TECNALIAko Eraikuntzako Material eta Produktuen zuzendari Iñigo Vegasek hau adierazi du: "hondakinak bereizi eta tratatzeko soluzio fisikoetan teknologia digitalak txertatzen badira, % 20tik gora handitu daiteke produktibitatea, eta orain baino 1.000 aldiz ziurtasun-maila handiagoa izan daiteke birziklatutako materialen kalitateari buruz".
Efizientzia operatiboaz harago, hondakinen kudeaketan adimen artifiziala erabiltzeak merkatu berriak sortzearekin lotutako aukerak irekitzen ditu.
Laburbilduz, oraindik gainditu beharreko erronkak dauden arren, adimen artifizialak potentzial handia dauka hondakinen kudeaketa iraultzeko eta eredu ekonomiko zirkularra sustatzeko.