"Robotak sentsore batzuk ditu, itsas hondoan zer dagoen identifikatzeko eta, hala, plastikoak eta zaborra errazago jasotzeko"
Veneziako kanalak garbitzen dituen itsaspeko robot bat garatu dugu; zaborra biltzen du gero birziklatzeko
Teknologia anitzeko gure ezagutzari esker, soluzio robotizatu bat garatu dugu itsas hondoak garbitzeko eta bildutako zaborra birziklatzeko. Sistema plataforma flotatzaile batek eta itsaspeko robot batek osatzen dute, eta zortzi kableren bidez daude elkarri lotuta.
Robotak sentsore batzuk ditu, itsas hondoan zer dagoen identifikatzeko eta, hala, plastikoak eta zaborra errazago jasotzeko. Gainera, xurgatze-hodi bat ere badu, hondakin txikienak jasotzeko, eta pintza hidrauliko bat ere bai, objektu handiagoak hartzeko, hala nola pneumatikoak, kaxak, hondoratutako ontzien atalak eta arrantza-sareak. Robota bost metroko sakonerara murgildu da lehenbizikoz, eta probatu da nola mugitzen den translazio- eta errotazio-mugimenduak eginez.
Hondakinen bilketa
Ekimen honen bidez, itsas hondoak garbitu nahi dira hondakinak bilduz, eta, hurrengo fasean, soluzio robotizatu bat garatu nahi da, bildutako plastikoak portuan identifikatzeko eta material-motaren arabera bereizteko, gero errazago birziklatu ahal izateko. Azken fasean, zuntz birziklatuak prestazio hobeak dituzten konpositeak sortzeko erabiltzen dira; hala, kontsumitzen ditugun produktuen bizi-zikloa luzatzen eta ekonomia zirkularreko ereduak indartzen laguntzen da.
Proba pilotua datozen egunotan bukatuko da, eta irailean hasiko da hurrengo hondakin-bilketa, kanala erabat garbi uzteko, eta jarduera hori Veneziako eremu gehiagotara eramateko. Gure taldeak munduko leku gehiagotara egokituko du soluzio hori, itsas hondoak garbiago egon daitezen eta uretako ekosistemak berritu daitezen.
Mila esker talde osoari eta, bereziki, Jose Gorrotxategiri, Pierre-Elie Herveri eta Ángel San Romani, Venezian arrakasta handia izan dute eta.
Robotika mugikorrari buruzko informazio gehiago
Robotika mugikorreko gure gaitasunei buruz gehiago jakin nahi baduzu, jarri harremanetan Mariola Rodríguez Mijangos buru duen aditu-taldearekin.
D+I hedabideak Europako Batzordeak H2020 programaren bidez finantzatutako Maelstrom proiektuari egin diogun ekarpena aipatzen du.