"Energiaren banaketa-sareek muturreko klima-gertaeren aurrean dituzten kalteberatasuna eta erresilientzia ebaluatzen ditugu Zarauzko eta Bilboko energia-sistemetan"
TECNALIAk klima-aldaketak Zarauzko eta Bilboko energiaren banaketa-sareetan dituen energia-inpaktuak aztertu ditu
TECNALIAk, Tecnunekin batera, aztertu du zer energia-inpaktu dituen klima-aldaketak. Azterketa LIFE IP Urban Klima 2050 ekimenaren barruan egin du, muturreko klima-gertaeren aurrean hiri-azpiegituren kalteberatasuna eta erresilientzia ebaluatzeko.
Azterketaren helburua da aztertzea zer energia-inpaktu dituen klima-aldaketak Zarauzko eta Bilboko energiaren banaketa-sareetan. Emaitzak eta gomendioak erkidegoko energia-politiketan integratuko dira. Horretaz gain, hornidura elektrikoaren jarraitutasuna bermatuko da, eta energia-eredu efizienteago eta erresilienteagoa sustatuko da.
Zarautzen eta Bilbon arriskuak ebaluatzea
Bi udalerri pilotu izan ditu ardatz azterlanak: Zarautz eta Bilbo. Haietan, aztertu da zer inpaktu izan litzakeen klima-aldaketak energia elektrikoaren bertako banaketa-sareetan.
Lehenik eta behin, bi udalerrietako azpiegitura elektrikoa eta hiri-azpiegiturak identifikatu eta ezaugarritu dira. Halaber, arrisku sistemikoen kasuan kasuko ereduak garatu dira. Arriskuak ebaluatu ondoren, erresilientzia-plana egiteko ekintzak elkarlanean diseinatu eta lehenetsi dira.
Etorkizuneko klima-gertaerei aurre egiteko lehen urratsa
Analisia lehen urratsa da ikuspegi integralago bat garatzeko; azpiegitura elektrikoan, hiri-azpiegituran eta biztanleengan izan daitezkeen kateko ondorioak hartu dira kontuan. Azpiegitura elektrikoa fidagarritasun-maila handia lortzeko diseinatuta dagoen arren, badago tartea beste egokitze-neurri batzuk txertatzeko, klima-gertaeren inpaktua arintzeko eta zerbitzuaren kalitatea optimizatzeko.
LIFE IP Urban Klima 2050
Euskal Autonomia Erkidegoko datozen urteetarako klima-ekintzako proiekturik handiena da LIFE IP Urban Klima 2050. Helburu du KLIMA 2050 estrategia eskualdean ezartzea; horretarako, klima-aldaketaren erronkei heltzen die erakunde publikoen, ikerketa-zentroen eta enpresa pribatuen arteko lankidetzaren bidez.
Hiri-eremuetan klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea du helburu ekimenak, eta, horretarako, azpiegituren erresilientzia eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzen ditu.