Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
Diseinu-disolbatzaileak, Euskadin ekonomia jasangarriagoa lortzeko
Likido ionikoak aukera berritzailea dira, eta beste prozesu industrial batzuen osagarri izan daitezke (adibidez, estaldura elektrolitikoaren, pirometalurgiaren edo hidrometalurgiaren osagarri). Aukera berri hau ekologikoagoa da, disolbatzaile organikorik gabea, energetikoki ez-intentsiboa eta kostuari dagokionez eraginkorra.
Likido ionikoak fusio-puntu baxuko gatzak dira, eta beste ezaugarri hauek dituzte: ia ez dute lurrun-presiorik giro-tenperaturan, tarte elektrokimiko zabala dute, ingurumenarentzat egokiak dira eta ez dira korrosiboak. Gainera, gatz hauen oinarrizko ezaugarri batzuk ‘doitu’ egin daitezke, haien osagaien arabera. Horregatik, likido ionikoei, maiz, ‘diseinu-disolbatzaile’ esaten zaie.
Haien ezaugarriak direla eta, industriako arlo askotan erabil daitezke. Hala ikusi dute EAEko hainbat enpresak, hala nola SIDENORek eta INATEC Fundazioak. Beste askoren artean, bi enpresa horiek likido ionikoetan oinarritutako teknologiak garatu dituzte urak tratatzeko, metalezko osagaiak dituzten hondakinei balioa emateko, CO2-a harrapatzeko, lignozelulosa-biomasari balioa emateko eta Oil & Gas industriako erregai-ekoizpenerako.
Enpresa horien I+G unitateek ikerketa-partzuergo bat osatu dute beste hauekin: Donostia International Physics Center, Polymat, EHU (Kimika Analitikoko, Ingeniaritza Kimikoko eta Ingurumeneko sailak), eta TECNALIA. Azken hori, teknologia horiekin esperientzia duena izateaz gain, ekimenaren koordinatzailea ere bada.
Aipatutako garapenak “Likido ionikoak, Euskadin ekonomia jasangarria lortzeko irtenbide berritzaileak” proiektuaren barruan sartzen dira, eta Eusko Jaurlaritzak (SPRI) sustatzen eta diruz laguntzen du, Elkartek programaren bidez.