“Horrelako sistemak aplikatuz gero, % 6 murriztu liteke lehengaien kontsumoa Euskal Autonomia Erkidegoan”
Materialak denbora errealean karakterizatzeko gai den ikusmen-adimen artifizialean oinarritutako sistema bat garatzen ari da TECNALIA
Sistemak lehengaien erabilera optimizatzen du, eta prozesu eta balio-kate zirkularren efizientzia hobetzen du. Konputagailu bidezko ikusmen-adimen artifizialaren arloko aurrerapen horiek sentsore aurreratuek sortutako informazioan aplikatzen ditugu. Sentsore horiekin, zeinak gai baitira informazio kimikoa, fisikoa eta egiturazkoa emateko, zenbait sistema sortzen dira material batzuk linean karakterizatzen dituztenak.
Sistema horiek gai dira zenbait material denbora errealean eta zehaztasunez detektatzeko, sailkatzeko eta bereizteko, adibidez eraikuntza- eta eraispen-hondakinak eta plastikoak. Horretaz gain, sistemek gaitasuna dute material batzuen konposizio kimikoa detektatzeko; horrek aukera ematen du, besteak beste, ezpurutasunak detektatzeko eta bateriak birziklatzeko. Halaber, horrelako sistemek konposizio kimikoa kontrolatu dezakete fabrikan; hori bereziki erabilgarria da kalitate-kontrolerako eta produktuen degradazioa hautemateko.
Baliabide materialak optimizatzea
Ekimen honek, zeina hasierako fasean baitago, helburu du eraldaketa digitala erraztea eta sustatzea fabrikazio-industrian eta ekoindustrian. Ekimenari esker, deskarbonizazio-planak hobetuko dira; baliabide materialak optimizatuko dira; industria-prozesuen efizientzia areagotuko da, eta horniduren kanpo-mendekotasuna murriztuko da, besteak beste.
Aurreikuspenen arabera, horrelako sistemak aplikatuz gero, % 6 murriztu liteke lehengaien kontsumoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Bestalde, berreskuratutako materiala zementu-oinarriko produktu berrietan sartzeak 2,4 eta 30 milioi euro arteko aurrezpena ekar liezaieke Euskal Autonomia Erkidegoko fabrikazio-enpresei.
Erakusleak EAEko industriako zenbait sektoretan
Urte amaieran, produktu-ziklo osoa hartzen duten erakusleak jarriko dira martxan EAEko industriako zenbait sektoretan.
- Industria-hondakinen karakterizatzea: industria-prozesuak linean karakterizatzeko aukera ematen duten erakusleak sortuko dira, hala nola eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak karakterizatzea (merkatuko balio handiko aplikazioetara bideratzeko), baterien konposizioa karakterizatzea eta plastikoen tipologiak karakterizatzea.
- Oso abiadura handiko produkzio-prozesua karakterizatzea.
- Egiturazko fabrikazio-prozesua karakterizatzea (osagai metalikoen gainazala karakterizatzea).
- Automobilgintzako bateria elektrikoen hondakinetan balio handiko metalak karakterizatzea: bateria elektrikoen birziklatze-fluxuetan berreskura daitezkeen metalak zehazteko prototipo bat sortuko da.
SmartEye partzuergoa eta beraren industria-aholkularitzako batzordea
Ekimenak TECNALIA du buru, eta Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programaren babesa du.
- Laguntzaileak: Tekniker, Vicomtech, UPV/EHU, BCMaterials eta Mondragon Unibertsitatea.
- SmartEyek industria-aholkularitzako batzorde bat du, proiektuaren industria- eta sektore-orientazioa eta emaitzen aplikagarritasuna bermatzeko. Eraikuntzaren, industria-fabrikazioaren eta birziklatzearen sektoreetako zenbait enpresak osatzen dute batzordea. Besteak beste Belako Lanak, Lezama Demoliciones eta Ogerko.