Berria

Mercedes-Benzek Gasteizko lantegia deskarbonizatzeko plana adjudikatu digu

2021ko abenduaren 20a
Fábrica Mercedes

“I+G+B arloko ekimenak identifikatzen eta garatzen lagunduko diegu, 2039. urterako Zero Emisioen erronka erdiets dezaten”

Deskarbonizazio-estrategia horren zutabe nagusiak energia-efizientzia hobetzea eta energia-hornidura jasangarriko sistemak ezartzea izango dira.

Mercedes-Benz Gasteizek zenbait berrikuntza-proiektu ezarriko ditu, eta haietan laguntza emango diegu estrategia gauzatzeko behar diren I+G+B arloko ekimenak identifikatu eta garatzeko eta 2039. urterako Zero Emisioen erronka erdiesteko.

Daimler taldeak 2039an neutraltasun klimatikoa lortzea jarri du helburu, bai ekoizte-planta guztietan, bai balio-kate osoan, hornitzaileak barne.

Behar diren mekanismoak ezarriko ditugu Daimlerrek ezarritako deskarbonizazio-helburuak lortzeko. Emisioen diagnostikoa egingo dugu. Deskarbonizaziorako agertokiak prestatuko ditugu epe labur/ertainerako, sortzen ari diren teknologiarik berritzaileenekin; haietan, jasoko dugu zer irismen izango duten eta nolako inpaktua eragingo duten jardueraren beraren lehiakortasunean eta, ondorioz, tokiko zein eskualdeko ekonomian. Halaber, plana gauzatzen lagunduko duten I+G+B arloko proiektuak identifikatu eta garatuko ditugu.

Industria-espazioak Zero Emisioko Barruti bihurtzea

Lehen proiektua, eDISTRICT izenekoa, Hazitek proiektuaren barruan egingo da, zeina Enpresetako I+G jarduerari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren programa baita. Lehen urratsa da industria-espazioak Zero Emisio Barruti bihurtzeko soluzio teknologikoen garapenean.

Proiektuari esker, energia-eskaria, -kontsumoa eta -metatzea zein elektrizitatea sortzea aurreikusteko sistema bat ezarri ahal izango da, sistema orokorra optimizatzeko. Ekimenean, honako erakunde hauek hartzen dute parte: IDOM, Aluminios Eibar, Ondoan, Telur eta Endesa.

Hiri-ingurune industrialetan energia banatua sortzen laguntzeko teknologiak garatuko dira: fatxadetan, estalkietan eta industria-gainazaletan instalatutako moduluen bidez ekoitziko dira beroa eta elektrizitatea, haien ekoizpena maximizatzeko. Eraikinaren inguratzailerako funtzio anitzeko eraikuntza-soluzio industrializatuak garatu eta baliozkotuko dira, eta elektrizitatea eta beroa metatzea txertatuko da industria-ingurunean, energia-kudeaketa optimizatzeko.

Zero emisioko ibilgailuak

2050erako deskarbonizazio-konpromisoa ukaezina da Europarentzat, eta erronka da ekonomiarentzat eta gizartearentzat. Ibilgailuen bizitza hamar urte ingurukoa dela kontuan hartuta, Mercedes-Benzek 2039. urtea ezarri du helburu gisa, hortik aurrera isurketarik gabeko ibilgailuak soilik fabrikatzeko.