“TECNALIA alternatiba jasangarri bat ikertzen ari da zenbait produktutatik metal preziatuak bereizteko eta selektiboki erauzteko prozesuak optimizatzeko”
Teknologia berritzaile eta ingurumenarekiko errespetuzkoak garatzen ditugu metal preziatuak berreskuratzeko
Teknologia berritzaile, eraginkor, kostu txikiko eta ingurumenarekiko errespetuzkoak erabiltzen ditugu hondakin konplexuen askotariko korronteetatik urrea, zilarra eta platinoaren taldeko metalak berreskuratzeko. Garapen horiek PEACOC ekimenaren barruan egiten ari dira, eta TECNALIA da ekimenaren buru.
Alternatiba berritzaile eta jasangarri bat ikertzen eta probatzen ari gara, askotariko baldintza operatiboetan, balio-bizitzaren amaieran dauden zenbait produktutatik metal preziatuak bereizteko eta selektiboki erauzteko prozesuak optimizatzeko (hala nola autoetako katalizatzaileetatik, panel fotovoltaikoetatik eta behe-mailako eta erdi-mailako osagai elektriko eta elektronikoen hondakinetatik). Disolbatzaile eutektiko sakonetan eta prozesu elektrokimikoetan oinarrituta dago teknologia hori.
Halaber, ekimen horretan garatutako teknologien ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna ebaluatuko du TECNALIAk, laborategi- eta pilotu-eskalan.
Balio-kate berria Europan
Bigarren mailako hondakinen balorizazioaren bidez Europako baliabideen jasangarritasuna sendotzeko industria-alternatiba berriak eskainiko dira, eta, horrela, beste herrialde batzuetatik metal kritiko eta preziatuak inportatzeak dituen arriskuak murriztu.
Ildo horretan, balio-kate zabal oso berri bat ezarri nahi du ekimenak, erronka horri aurre egiteko alternatiba efiziente eta sendoa izango dena, merkaturatze aurreko eskalan. Aipatutako hondakinetatik metalak kontzentratzeko prozesu berritzaileak diseinatu eta eraikiko dira, bai eta fintzeko instalazio pilotu bat ere (PEACOC instalazioa), korronte kontzentratuetatik intereseko metalak ateratzeko.
Proiektuak, halaber, lortutako metalak merkaturatzeko moduko produktu gisa balorizatzea aztertzen du; adibidez, katalizatzaile berriak, aplikazio elektrokimikoetarako materialak, 3D inprimaketarako filamentuak, balio erantsi handiko metal-korronte indibidualak eta abar.
Proiektuaren barruan erabiltzen diren teknologiak lehenengo aldiz eskalatu dira merkaturatze aurreko mailara, eta hondakinetatik abiatuta Europa metal kritiko eta preziatuz hornitzeko alternatiba industrial bat erakusteko erabili dira. PEACOCen barruan eraikiko den instalazio pilotuak I+G fasetik produktu merkaturagarrietarainoko benetako teknologia-transferentzia ekarriko du.
Metal preziatuen potentziala
Metal preziatuak (hala nola urrea, zilarra eta platinoaren taldeko metalak) oso erabiliak dira askotariko sektore ekonomikoetan eta industria-aplikazio askotan, mundu osoan. Dituzten aparteko propietateak direla-eta (hala nola korrosibotasun txikia, propietate katalitikoak eta erresistibitate elektriko txikia), askotan ez dago haiek ordezteko alternatibarik.
Europan, metal horiek dituzten eta balio-bizitzaren amaieran dauden produktuen kantitate handiak daude, eta, hondakin gisa kudeatu ohi badira ere, birziklatzeko ahalmen handia dute. Gaur egungo birziklatze-teknologia industrialek, hala nola galdaketak edo birziklatze-enpresa handiek erabiltzen dituzten prozesu hidrometalurgikoek, ordea, energia-kontsumo handia dute, eta karbono-aztarna negatiboa uzten dute, giza osasunaren zein ingurumenaren kalterako.
Partzuergoa
Proiektua 19 bazkideko partzuergo batek osatzen du, eta TECNALIA du buru: CRF, TREEE, COMET, MONOLITHOS, FORD OTOSAN, MBN, NCEINNMAT, 6TMIC, ISL, ULiège, TU Delft, VITO, PNO INNOVATION, UNIVAQ, ISTAC, ADMATEC, JOHNSON MATTHEY eta 3DHUB.
Proiektu honek Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantzaketa jaso du, 958302 zenbakidun dirulaguntza-hitzarmenaren bidez.