“TECNALIA saiakuntzak egiten eta laginak jasotzen ari da, itsas zabaleko funtzionamendu-baldintza errealetako portaera frogatzeko”
TECNALIAk tamaina txikiko modulu fotovoltaikoen zenbait lagin integratu ditu itsas zabaleko HarshLab teknologien saiakuntzetarako laborategian
TECNALIAren sistema fotovoltaikoen taldeak egindako zenbait lagin biltzen ditu HarshLab plataformak, hots, gure taldeak operatutako eta garatutako plataformak, Euskadiko Energia Klusterraren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Laginek zelulen zenbait fabrikazio-alternatiba, material eta teknologia erabiltzen dituzte, itsas zabaleko funtzionamendu-baldintza errealetan duten portaera probatzeko. Saiakuntza horiek TECNALIAk Oliver Design enpresarentzat egiten dituen lanen multzoan sartzen dira, Eusko Jaurlaritzak lagundutako H2OCEAN Hazitek proiektu estrategikoaren esparruan.
Horrekin batera, SOLARFACE® teknologia erabiltzen duten panel fotovoltaikoen miniserie bat egin dugu. Haietako batzuk TECNALIAk parte hartzen duen HEU ENGIMMONIA proiektuan ikertutako estaldura-soluzioekin eginak dira. Panel fotovoltaikoak fabrikatzeko teknologia bat da hori, diseinuan modulu fotovoltaiko arinak eta erabilera anitzekoak lortzeko aukera ematen duena, eta itsas sektorean integratzeko zenbait abantaila izan ditzakeena. Lortutako informazioak teknologiaren ekoizpen fotovoltaikoko ereduak elikatu ahal izango ditu itsas inguruneetan.
Sistema fotovoltaiko flotatzaileak sustatzea
Saiakuntza horiek TECNALIAren sistema fotovoltaiko flotatzaileen arloko jarduera indartzen dute. Duela lau urte jarri zen martxan jarduera hori, Mutrikuko portuan nearshore saiakuntza-azpiegitura bat martxan jarri zuenean, HarshLab eta BiMEP balio handiko azpiegitura bereziak osatzeko, itsas zabaleko materialak eta soluzio berriztagarriak probatzeko.