Berria

Muralismoa eta errealitate areagotua fusionatzen dituen aplikazio bat garatu dugu Irantzu Lekue artistarentzat

2021ko martxoaren 5a
El Trenico

EL TRENICO: errealitate areagotua duen murala, kultura eta turismoa sustatzeko

Otsailaren 19an inauguratu zuen ofizialki "Flashback: El Trenico" proiektua Irantzu Lekue artista muralistak. Proiektua TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroaren laguntzarekin egin du. Lan horretan, muralismoa eta teknologia berriak fusionatzen dira, eta, zehazki muralismoa eta errealitate areagotua.

Araban, Arraia-Maeztuko tunel baten gainean margotutako mural batek, mugikorreko aplikazio baten bidez, mihisetik harago ikusteko, entzuteko eta sentitzeko aukera ematen dio ikusleari. Herritarrak eskualdeko memoriara hurbiltzea eta memoria horretan murgiltzea lortu nahi da. Teknologia artearen eta ikusleen zerbitzura jarriz, erabilera berriak sortu nahi dira.

“Flashback: El Trenico” aplikazioa, TECNALIAk diseinatua, Google Playtik deskargatu daiteke Androiderako. Mugikorraren bidez, erabiltzaileek kontakizunak, 3Dko objektuak eta artxiboko irudiak atzi ditzakete, eta Trenico bera ere ikus dezakete, gaur egun bidegorri bihurtuak dauden trenbide zaharretan berriro martxan.

Maletak, txilibituak, treneko txartel zaharrak eta ezin konta ahala elementu, kontaketa, hots eta abar bildu dira lan honetan. Arraia-Maeztuko auzotarren laguntza eta parte-hartzeari esker berreskuratu den kultura material eta immaterial oso bat helarazten digute.

Proiektuan ikusmen artifizialeko teknologia, sistema inertzialak eta SLAM teknikako azken garapenak (Simultaneous Location And Mapping) erabiltzen dira; erabiltzaileak, mugikor batekin, sei askatasun-graduko interakzio sendoa du ingurune erreal batean, muralak eta haren ingurune birtualak eskaintzen dituzten elementu birtualekin.

Vasco-Navarro trenbidearen Maeztuko geltokia

Mural areagotu berritzaile hau Arabako Mendialdean dago, Vasco-Navarro trenbidearen Maeztuko geltoki zaharretik hurbil. Arabako erakundeek udaberrira begira inauguratu dute, auzotarrek, ibiltariek eta zikloturistek goza dezaten. Teknologiak kulturaren eta sormenaren industriari (eta, kasu honetan, zehazki arteari) historia, testigantzak eta ondarea ezagutzen, ulertzen eta zabaltzen laguntzen dio, eta horren erakusgarri da proiektu hau.

Informazio gehiago

Obra “El Trenico”ren edo Vasco-Navarro trenbidearen memoriara hurbiltzen zaio, Maeztu herrian (Araba); trenbide horrek Bergara eta Lizarra lotu zituen 1889tik 1967ra, eta Maeztutik pasatzen zen Gasteiz eta Lizarra lotzen zituen trenbide-zatia.

Eusko Jaurlaritzaren KSI Berritzaile programaren eta Arabako Foru Aldundiaren, Arraia-Maeztuko Udalaren eta Vital Fundazioaren finantziazioaren bidez garatu da proiektua.