"Nekazaritzako elikagaien hondakinak balorizatzeko prozesuak ikertzen, diseinatzen eta optimizatzen ditugu ekonomia zirkularreko ikuspegi batekin”
MixMatters ekimenean, nekazaritzako elikagaien hondakin mistoak balorizatzeko sistema berritzaile bat proposatzen da
21 tona CO2 igortzea eragotz dezakeen sistema berritzaile bat
MixMatters ekimenaren barruan, ezpurutasunak dituzten biohondakinen hiru fluxu misto eraginkortasunez bereizi eta baloritzatzen dituen sistema berritzaile bat proposatzen da. Biohondakin horien jatorria nekazaritzako elikagaigintza, handizkako merkatuak, berotegiak, elikagaigintza eta edarien industria dira. Sistema hori erabiltzearen emaitza balio erantsi handiko sei produktu dira: osagaiak hauts eginda, azukrearen kontzentratuak, proteina birkonbinatzaileak, zuntz berdeak, konposatu bioaktiboak eta monomero plastikoak.
Ekimenaren helburua da 21 tona CO2 igortzea eragoztea urtean, sistemaren frogatze-fasean. Horretarako, hondakin biologiko mistoen 48 tona bereizi eta balorizatuko dira.
TECNALIAn, urteak daramatzagu eremu horretan lanean, balorizazio-prozesuak diseinatzen eta optimizatzen, eta, bide horretan, zuntzak berreskuratzean jartzen dugu arreta, bereziki. Gure helburua zuntzak erauzteko prozesua da, disolbatzaile natural eutektiko sakonak erabiliz. Prozesu hori hiru litroko eskalan optimizatuko da, eta, gero, 10 litroko eskalara jauzi egingo da lehengai tratatu berriarekin (zelulosa asko duen hondakin solido bat).
Ikerlanaren beste helburuetako bat prozesuaren denborak eta tenperatura doitzea da, bai eta biomasaren proportzioa doitzea ere, zuntzak erauzteko efizientzia % 65etik gorakoa izatea lortzearren.
Biohondakin mistoak berrerabiltzea eta balorizatzea
Nekazaritzako elikagaien balio-katean sortzen diren biohondakin mistoak baliabide oparoa dira, balio handiko konposatu askoz osatua; adibidez, polisakaridoak eta osagai polifenolikoak. Osagai berrerabilgarrien iturri ere izan daitezke, baina ez zaie probetxurik ateratzen: 85 milioi biohondakin inguru sortzen dira urtean, eta haien % 75 zabortegietan uzten da edo erraustu egiten da. EB osoan, berotegi-efektuko gasen igorpen guztien % 3 da hori.
Bi oztopo nagusi daude nekazaritzako elikagaigintzako biohondakin mistoak balorizatu nahi direnean. Alde batetik, ezpurutasunak (adibidez, plastikoak, kartoia edo metalak) bereizi eta ezabatzeak dakartzan erronka teknologikoak. Osterantzean, ezpurutasun horiek prozesuaren kalitatea txikiagotuko lukete. Eta beste aldetik, geografikoki sakabanatuta dauden urtaroko lehengaiak biltzeak sortzen dituen erronka logistikoak, balorizazioaren kostu-etekin erlazioa jaisten dutenak.
Proiektu berritzaile bat
MixMatters lau urteko proiektu handi bat da, anbizio handikoa, Horizon Europe 2021-2027 berrikuntzarako eta ikerketarako Europako programaren esparrukoa. Partzuergoaren liderra Ainia da, eta zortzi herrialde hauetako 18 erakundek osatzen dute: Espainia, Danimarka, Belgika, Finlandia, Austria, Italia, Erresuma Batua eta Eslovenia. Erakundeen artean, enpresa berritzaileak, enpresa-klusterrak, teknologia berritzailearen garatzaileak eta merkatuko adituak daude.