"Hondakinak kalitate handiko eta balio erantsi handiko lehengai bihurtzeko prozesua karbono gutxiko ekonomia baterako bidean da, zirkulartasuna sustatuz"
TECNALIAk REPAPEL proiektuan parte hartu du, papergintzaren zirkulartasuna sustatzen duen proiektuan
REPAPELen helburua da hondakin gutxiago sortzea eta sortutakoa balio erantsi handiko kalitatezko lehengai bihurtzea, papergintzako zirkulartasuna handitzeko. REPAPEL proiektuan probatu eta baliozkotutako soluzio berriek papergintzako hondakinak baliozkotzea lortu dute, eraikuntzan, uren tratamenduan eta industria kimikoan erabiltzeko, besteak beste.
REPAPELeko jarduerak
Ekimen honek industria-ikerketako jardueretan eta garapen esperimentalean jarri du arreta, papergintzako bost hondakin-korronte baliozkotzeko hiru arlo nagusitan.
- Laborategiko eskalan ebaluatu da orea eta papera ekoizteko prozesuetan sortutako hondakinak tratatzeko eta lehengaiak erauzteko teknologien errendimendua.
- Erauzketa- eta tratamendu-prozesuetan lortutako lehengaietatik abiatuta ekoitzitako zenbait industria-produktu berriren bideragarritasuna ere ebaluatu da.
- Papergintzako azpiproduktuen kudeaketan erabakiak hartzen laguntzeko tresna bat diseinatu da.
Ekintza horien emaitza nagusietako bat izan da karbono-aztarna txikiagoa duten produktuak lortzea lehengai birjinak edo berriztaezinak ordezkatuz eta CO2-a produktuan bertan xurgatuz.
TECNALIAren ikerketa-lerroak
TECNALIAk ikerketa-lerro batean baino gehiagotan lan egin du:
- Likore beltzetik lignina atera eta, hortik abiatuta, zenbait malutatzaile sintetizatu eta baliozkotu dira hondakin-urak tratatzeko.
- Nahaste bituminosoak eta “low-cost” iragazgaizte-soluzioak garatu dira, lignina-bioaglutinatzaileetatik abiatuta.
- Errauts karbonatatuak eta kareharrizko lohiak oinarri dituzten hormigoi aurrefabrikatuak formulatu eta probatu dira.
Ekintza horiek oso lagungarriak izan dira gehiago birziklatzeko eta lehengai berriztagarri gehiago erabiltzeko: ahalbidetu dute papergintzan lehengai birjinak modu eraginkorragoan eta gutxiago erabiltzea, eta lagundu dute REPAPELekin papergintzaren zirkulartasuna handitzen.
Jarduera horiek ONDOAN S. Coop. gidari duen partzuergoari esker egin dira, hauen laguntzaz: SMURFIT KAPPA NERVIÓN, FERALCO, TSK TALDEA, ETXEBERRIA HORMOR, CAMPEZO, ASFALTIA, ZUBIALDE, EKOTEK, BIOSYNCAUCHO, CEIT, EUSKADIKO PAPERAREN KLUSTERRA eta ACLIMA, BASQUE ENVIRONMENT CLUSTER.
Finantzaketa
Ekimen jasangarri honek Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du, SPRIren HAZITEK programaren bidez, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) laguntza jaso du. Proiektua gauzatzeko, 4,5 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da.