Digitalizazioa funtsezko eta ezinbesteko baldintza bihurtu da, eta, digitalizatzeko, ezinbestekoa da oinarrian bikaintasun operatiboa izatea
Portuko eragiketen automatizazioak azken urteotan izandako aurrerapen eta bilakaerek sektorearen logistikaren automatizazioa eta digitalizazioa bultzatzen dute. Gaur egun, munduko portuetan, edukiontzien 60 bat terminal erdi-automatizatu edo erabat automatizatu daude jardunean, eta 100 bat proiektu daude planteatuta 2030erako.
Horrelako terminal gehienak Asian daude; dena den, Europan, Rotterdameko eta Hanburgoko portuek, esaterako, badituzte terminal automatizatuak. Espainiak ere baditu terminal erdi-automatizatuak, Bartzelonako eta Algeciraseko portuetan eta, laster, Valentziako portuan.
Logistop plataformak La automatización de las operaciones portuarias (portu-eragiketen automatizazioa) web-mintegia antolatu du; mintegi horretan, honako hauek jardun dugu portuen automatizazioan sakontzen, eta arlo horretako alderdi eta aurrerapen garrantzitsuenak aztertzen: José Andrés Giménez, Logistopeko Portuko Logistikako Lantaldeko burua eta Valenciaport Fundazioko Portuko Logistikako zuzendaria; Jesús Murgoitio, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako TECNALIA Fundazioko Proiektuen zuzendaria; Diego García, TTI Algeciras edukiontzien terminaleko COOa; eta Óscar Pernia, TIL – Terminal Investment Limited taldeko Digitalizazio eta Automatizazio zuzendaria. Tomás de la Vega, Logistopeko zuzendari kudeatzailea, moderatzaile aritu da.
Automatizazioa, estandarizazioa eta bikaintasun teknologikoa
Jesús Murgoitiok, Bergé buru duen ESTIBA+ 2022 proiektuaren bere aurkezpenean, nabarmendu du, besteak beste, digitalizazioak garrantzi handia duela automatizaziorako ezinbesteko baldintza baita; nabarmendu du, halaber, ezarpen berrietan estandarrak erabiltzea garrantzitsua dela, eta komunikazio-protokoloak (hala nola V2X) jarri ditu horren adibide.
Bestalde, Diego Garcíak azpimarratu du estandarizazioak eta etengabeko hobekuntza garrantzitsuak direla automatizazio jasangarria egiteko driver edo bultzatzaile gisa, eta garrantzi berezia eman dio arlo funtzionalen arteko diziplinari eta lankidetzari eusteari salbuespenak kudeatzeko eta erabakiak hartzeko orduan.
Azkenik, Oscar Perniak gogoeta egin du automatizazioak portuko kate logistikoan duen eraginari buruz: “lehiakortasuna hobetzeaz haraindiko onurak; haietatik, eragiketen efizientzia eta jasangarritasun, prebentzio eta segurtasun handiagoak gailentzen dira”.
Automatizatzeko oinarria bikaintasun operatiboa da, zeinak digitalizazioa erabiltzen baitu prozesuak, sistemak eta antolamendua konektatzeko katalizatzaile gisa; beste edozein bilakaera teknologikok bezala, pertsonengan hasi eta amaitu behar du, diseinu-fasetik bertatik. TECNALIAn sektorea automatizatzen eta digitalizatzen jarraitzen dugu lanean, zenbait teknologiaren bidez.