Berria

Proteinen iturri alternatiboak ikertzen ditugu

2023ko urriaren 19a
Fuentes alternativas de proteínas

"TECNALIAn elikadura osasungarria sustatzen dugu; Elikaduraren Mundu Eguna"

Elikaduraren Mundu Egunean, proteinen iturri alternatiboak eskuratzeko helburua duten gure proiektuetako batzuk gogorarazi nahi ditugu

TECNALIAn elikadura osasungarria sustatzen dugu Elikaduraren Mundu Egunean, osasunarekin dugun konpromisoa gogorarazi nahi dugu, bai eta proteinen iturri alternatiboak lortzera bideratutako zenbait proiekturekin egindako ikerketa-lana ere.

Gero eta eskari handiagoa dago, eta populazioa gorantz doa. Hori dela eta, ez dago ziurtatua guztiontzat animalia-proteina nahikoa egongo denik. Eta premia horren aurrean, proteinen iturri alternatibo, osasungarri eta jasangarrien bila ikertzen ari gara. Hori da ALEHOOP ekimenaren kasua, zeinean lekaleen azpiproduktuekin egiten baitugu lan proteina-estraktuak lortzeko.

Lekaleak oso osagai garrantzitsuak dira herrialde askotako dietan; batez ere, Mediterraneoko eskualdean. Gainera, oso elikagai moldakorrak eta kulturalki askotarikoak dira, mundu osoan daude, eta zenbait herrialdetan oinarrizko proteina-iturri dira. Duela gutxi, handitu egin da lekadun-proteinen funtzionaltasun teknologikoekiko interesa elikadura-osagai gisa erabiltzeko; batez ere, haragiaren, arrautzaren, esnekien eta gariaren proteinen ordezko gisa baliatzeko.

Azpiproduktu eta hondakin ugari sortzen dira lekaleen nekazaritzako eta industriako eraldaketa-katean; batez ere, uzta garaian eta landan egiten den eraldaketaren garaian, lekale akastunak ezabatzen direnean. Gainera, eraldaketa industrialean, garbiketa- eta banaketa-lanak egin ondoren, sobera geratzen dira lekak eta hazien beste hondakin batzuk.

Hondakinak: elikadura-katerako azpiproduktu erabilgarriak

Lekadunak eraldatzean sortutako hondakin-kantitatea hasieran bildutako uztaren % 5 eta % 25 artekoa da. Baina azpiproduktu horiek konposatu baliagarrien iturri aberatsa izaten jarraitu dezakete, hala nola hauena: proteinak, zuntzak, mineralak eta beste molekula bioaktibo batzuk (adibidez, fenolak eta karotenoideak). Frogatua dago horiek denek eragin onuragarria dutela giza osasunean.

Gaur egun, elikagaien industriak gero eta interes handiagoa erakutsi du lekadunen azpiproduktuak erabiltzeko; batez ere, proteina-kantitate handia dutelako eta hainbat elikagaitan sar daitekeelako: proteina ugariko pasta, hanburgesak, nuggetak, edariak, haurrentzako eta kiroletarako elikagaiak, janarien ordezkoak, okindegi-produktuak, etab. Helburua da haien nutrizio-balioa handitzea edo ezaugarri funtzional edo teknologiko espezifiko eta onuragarriak ematea, aldi berean nekazaritza-praktikak errentagarriagoak eginez eta gizakiek animalia-produktuekiko duten mendekotasuna murriztuz.

Hain zuzen ere, dieta begetarianoak eta beganoak gero eta ohikoagoak bilakatu dira; hala, kontsumitzaile askok partzialki begetarianotzat jotzen dute beren burua, eta, neurri handi batean, murriztu egiten dituzte animalia-produktuak. Horren ondorioz, elikatzeko proteinen iturri alternatiboen eskaria handitu egin da; batez ere, lekaleetatik eta haien produktu eraldatuetatik abiatuz lortzen direnena.

Proteinen iturri alternatiboak ikertzen ditugu

Europako ALEHOOP proiektuaren barruan egindako lanetan, erauzketa alkalinoa eta ondorengo prezipitazio isoelektrikoa erabili dira lau lekadunen (dilistak, babarrunak, ilarrak eta lupinuak) azpiproduktuetatik abiatuta proteina-estraktuak lortzeko. Azpiproduktu horiek hazi akastunak dira; hain zuzen, tamainagatik, itxuragatik edo bestelako akatsengatik merkaturatzeko beharrezkoak diren kalitate-estandarrak betetzen ez dituztenak.

Lortutako proteina-estraktuak ezaugarri hauen arabera sailkatu dira: propietate biokimikoak (hezetasun-, proteina-, azukre- eta koipe-edukia, analisi minerala eta aminoazido-osaera) eta teknofuntzionalak (disolbagarritasuna, ura eta koipea atxikitzeko gaitasuna, eta gelifikatzeko, emultsionatzeko eta aparra sortzeko gaitasuna), baita jarduera antioxidatzailea eta faktore antinutrizionalak ere. Haien guztien araberakoa izango da geroago giza kontsumorako produktuetan osagai gisa izango duten erabilera.

Era berean, proteina-estraktu horiek hidrolizatu egin dira entzimen bidez, zenbait propietate funtzional aldatzeko; bereziki, jatorrizko estraktuek uretan duten disolbagarritasuna hobetzeko. Azkenik, proteinak erauzteko prozesuko hondar-korronteen ezaugarritze zehatza egin da, eta haiek aprobetxatzeko zenbait aukera proposatu dira.

Beraz, nekazaritzako eta industriako azpiproduktu horiek modu efizientean erabiltzea lagungarri da nekazaritzako eta industriako kateen eta elikagaiak prozesatzeko kateen ekonomia- eta ingurumen-inpaktu globala murrizteko. Hondakinak erauzi eta ondoren aprobetxatzeak aukera emango du zero hondakinen ekonomia eta oinarri biologiko zirkularra duen gizarte jasangarriago bat lortzeko.

TECNALIAn, halaber, beste iturri batzuetako proteina lortzeko zenbait ikerketa-ekimenetan ari gara lanean. Adibidez, mikrobioen proteina eskuratzeko, zeina organismo zelulabakarren biomasatik (mikroalgak, bakterioak eta onddoak) eta intsektu-proteinatik lor baitaiteke.

Ezagut ezazu gure lan guztia hemen: Osasuna eta Elikadura