TECNALIAk ulertzen du zer garrantzitsua den trenbide-sektorean segurtasuna bermatzea, bereziki suteen prebentzioari eta kontrolari dagokienez. Horregatik, ebaluazio esperimentaleko zerbitzu espezializatuak eta suarekiko erreakzioa eta erresistentzia zehazteko saiakuntzak eskaintzen ditugu, EN 45545-2 eta EN 45545-3 nazioarteko araudiak betetzen dituztenak.
Arau horiek funtsezkoak dira suteen kontrako segurtasun-neurriak indartzeko eta larrialdietan bidaiariak nahiz eskifaia babesteko.
EN 45545-2 eta EN 45545-3 arauak: zerk bermatzen du arau horiek betetzea?
EN 45545-2 eta EN 45545-3 arauen helburua da trenbide-sektorean suteen kontrako segurtasuna bermatzea. Arau horiek irizpide eta betekizun espezifikoak ezartzen dituzte trenbide-ibilgailuetan erabiltzen diren material eta osagaietarako, hartara bidaiariak zein langileak babesteko suterik gertatuz gero.
EN 45545-2 arauaren ardatza da trenbide-ibilgailuen barruan eta kanpoan erabiltzen diren materialen eta osagaien suarekiko portaera ebaluatzea.
Helburu nagusi hauek dituzte, besteak beste:
- Sua pizteko eta zabaltzeko arriskua minimizatzea (bero-igorpena kontrolatzea, suteetan materialek askatzen duten bero-kantitatea minimizatuta).
- Sortutako ke eta gas toxikoen ondorioak minimizatzea (errekuntzan ke eta gas toxikoak sortzea mugatuz, eta, hala, ikuspena eta ibilgailua husteko ahalmena hobetuz).
- Suteetan gerta daitezkeen kalteak mugatzea.
Bestalde, EN 45545-3 arauak trenbide-ibilgailuen barruko suhesien suarekiko erresistentziari heltzen dio. Helburu nagusi hauek ditu:
- Sua geldiaraztea, ibilgailuaren barruan konpartimentu batetik bestera zabal ez dadin
- Ebakuazio-ibilbideak babestea, eta suteetan erabilgarri eta seguru jarraitzen dutela ziurtatzea.
- Egiturazko osotasuna babestea, eta hesien egonkortasuna eta funtzionaltasuna mantentzea suteetan, bidaiariak eta eskifaia babesteko.
Bi arauak funtsezkoak dira trenbide-sektorean segurtasuna hobetzeko, eta esparru sendoa eskaintzen dute materialak eta osagaiak ebaluatzeko eta ziurtatzeko, bai eta trenbide-ibilgailu seguruagoak diseinatzeko ere.
Zergatik dira garrantzitsuak EN 45545 arauaren araberako saiakuntzak?
EN 45545-2 eta EN 45545-3 arauek bete beharreko irizpide zorrotzak ezartzen dituzte trenbide-ibilgailuetan erabiltzen diren material eta osagaien portaerari dagokionez, suterik izanez gero bidaiariak eta eskifaia babesteko. Irizpide hauek dira, besteak beste:
- Segurtasun hobea, materialek estandarrik gorenak betetzen dituztela ziurtatuta.
- Bezeroaren konfiantza handiagoa, eskifaiak eta bidaiariek hautemandako segurtasuna areagotzen baitute sute-arriskua prebenituta eta sua pizteko eta zabaltzeko aukera minimizatuta.
- Arauekiko adostasuna, nazioarteko araudiak betetzen direla bermatuta; horrek zehapenak saihesten ditu, eta merkatu globaletan produktuak homologatzea errazten du.
Araudi horiek betetzen direla ziurtatzen duten saiakuntza-zerbitzuak eskaintzen ditu TECNALIAk.
Nola egiten ditu TECNALIAk EN 45545 arauaren araberako saiakuntzak?
Suteen aurkako Segurtasunaren laborategian, saiakuntza espezifikoen sorta zabala egiten dugu gure bezeroentzat, trenbide-sektorean segurtasuna bermatzeko eta araudia betetzen dela bermatzeko, zehazki, Europako trenbide-arauak (EN 45545).
Honako saiakuntza hauen bidez ebaluatzen ditugu osagaiak eta materialak EN 45545-2 arauaren arabera: kono kalorimetrikoa (EN ISO 5660-1), panel erradiatzailea (EN ISO 9239-1), sukoitasuna (EN ISO 11925-2), eta ke-toxikotasun eta -opakutasuneko saiakuntzak (EN ISO 5659-2).
Beste saiakuntza hauek ere egiten ditugu, besteak beste: oxigeno-indizea (LOI) (EN ISO 4859-2), sugarraren hedapena (EN ISO 5658-2), kableen sukoitasuna (EN 60332-1-2), plastikoen sukoitasuna (EN 60695-11-10) eta “glow wire test” (EN ISO 60695-2-11).
Horietaz gain, nazioarteko eskakizunak betetzeko, toxikotasun- eta opakutasun- saiakuntzak ere egiten ditugu (NFX 70100 eta NFX 10702, hurrenez hurren), bai eta Ipar Amerikako eskakizunetarako saiakuntzak ere (ASTM E 662).
Suhesiei dagokienez, saiakuntza hauen bidez egiten ditugu EN 45545-3 arauaren araberako ebaluazioak: elementu ez-sostengatzaileen suarekiko erresistentziaren saiakuntzak (EN 1364-1, hormetarako; EN 1364-2, sabaietarako, eta EN 1634-1, ateetarako), eta EN 1363-1 arauaren araberako saiakuntza ez-estandarrak. Suhesiei buruzko nazioarteko eskakizunetarako, ASTM E119 arauaren araberako saiakuntzak ere egiten ditugu.
Zergatik aukeratu gu?
Gure zerbitzu teknologikoen artean, suarekiko erreakzioaren eta erresistentziaren saiakuntzak nabarmentzen ditugu: haietan, ebaluatzen dugu materialek eta sistemek zer portaera duten eta zenbateraino betetzen duten araudia.
Horietaz gain, saiakuntza espezifikoak ere eskaintzen ditugu, hala nola bero-igorpena, su-hartzea, toxikotasuna, ke-opakutasuna eta sugarraren hedapena.
Segurtasun-prestazioak egiaztatzeko neurrira egindako protokoloak diseinatzen ditugu, gure bezeroen beharretara egokituta, eta aholkularitza teknikoa ematen dugu trenbide-obretarako eskakizunak behar bezala agintzeko. Halaber, analisi termodinamikoak eta suarekiko portaerari buruzko analisiak egiten ditugu, produktuak eta bateriak ebaluatzeko modelatze- eta simulazio-tresna aurreratuak erabiliz (FEM, FDS, CFD…).
TECNALIAk konpromisoa hartzen du araudia betetzen dela bermatzeko eta trenbide-sektoreko segurtasuna hobetzeko zerbitzu teknologikoak emateko. Gure laborategiak eta aditu teknikoak prest daude edozein erronkari aurre egiteko eta trenbide-ibilgailuetan erabiltzen diren materialak eta osagaiak seguruak eta fidagarriak direla bermatzeko.