Berria

TECNALIA Certificación etxeak A-DAP erreminta egiaztatu du

2022ko uztailaren 11a
Prefabricados de hormigón

"ANDECEk jasangarritasunaren aldeko apustua egiten du, Europa 2050era bitartean klima-neutraltasunerantz gidatzeko"

Espainiako hormigoi prefabrikatuaren A-DAP (produktuen ingurumen-autoadierazpena) erreminta teknologikoa da lehenbizikoa TECNALIA CERTIFICACIÓN etxearen egiaztapena jasotzen.

Produktuaren ingurumen-adierazpenek (PIA, edo DAP, ingelesez) modu gardenean eta hirugarren independenteek egiaztatzeko moduan ematen dute produktuen ingurumen-portaerari buruzko informazioa, haien bizi-zikloaren analisian oinarrituta.

ANDECE eraikuntzarako mota guztietako prefabrikatuen fabrikatzaileak ordezkatzen dituen elkartea da, eta 2018an egin zuen lehenbiziko urratsa bide horretan: hormigoizko produktu prefabrikatuen kategoriako sei ingurumen-autoadierazpen sektorial prestatu zituen (egiturak, forjatuak, fatxadak, kanalizazioak, elementu arin hutsak eta zoladurak). Horretarako, ABALEO SL aholkularitza-etxe espezializatuaren lankidetza izan zuen, eta industriako enpresa-ehuneko kopuru handi batek esku hartu zuen datuak biltzeko prozesuan.

Lehenbiziko prozesu hartan ikasitakoari esker, eta berriro ere ABALEO SL lankide duela, ANDECEk erreminta informatiko bat garatzeko eskatu zuen iaz, fabrikatzaileek beren produktuen ingurumen-autoadierazpenak eskatu ahal izan ditzaten. Horretarako, sektore horretan Europako UNE-EN 16757 erreferentziako arauak eskatzen dituen datuak jakinarazi behar dituzte (hala nola lehengai-, energia- eta ur-kontsumoa, edo balizko hondakin-kopurua).

Emaitza gisa, zerrenda bat lortzen da: ekoitzitako tona bakoitzari lotutako ingurumen-inpaktua, energia-kontsumoa eta sortutako hondakin kopurua. Informazio hori funtsezkoa da enpresek abiapuntuko erreferentzia bat izan dezaten, eta, hura oinarri hartuta, eraginkortasunez ekingo diete produkzio-prozesuen ingurumen-optimizazio progresiboa lortzeko beharrezko erreformei.

ANDECEk hormigoizko produktu prefabrikatu espezifikoetarako ingurumen-autoadierazpenak egiteko erreminta informatikoaren ziurtapena eskuratu du; Espainian emandako lehenbizikoa izan da.

Informazio horri zorroztasun eta sinesgarritasun handiagoa emateko, ANDECEk TECNALIA CERTIFICACIÓN etxeari eskatu zion erreminta informatiko hori egiaztatzeko. Apirilean eta maiatzean egindako auditoria-prozesu zorrotz baten ondotik, ANDECEk ekainaren 10ean lortu zuen hormigoizko produktu prefabrikatuetarako ingurumen-autoadierazpen espezifikoa lortzeko tresna informatikoaren ziurtagiria. Espainian mota horretako erremintei emaniko lehenbizikoa da.

Mugarri horrekin, ANDECEko enpresa elkartuei produktuen ingurumen-adierazpen propioak egiteko aukera ematen zaie, kontuan izanik informazio hori gero eta gehiago eskatzen dela eraikuntza-proiektuetan, bai publikoetan, bai pribatuetan.