Berria

TECNALIA da Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentro berria (BAIC) sustatu duen eragile zientifiko-teknologikoetako bat

2021ko abuztuaren 5a
BAIC, el nuevo Centro Vasco de Inteligencia Artificial

Enpresen lehiakortasuna bultzatzeko eta Euskadiko gizartea hobetzeko sortu da elkarte hori

Euskadin adimen artifizialaren euskal ekosistema antolatzeko eta haren garapena sustatzeko sortu da BAIC, eta, halaber, sektoreko enpresa berrien sorrera bultzatzeko, tokiko enpresa eragileak tartean sartuz. Adimen artifizialeko talentua sustatzen ere laguntzen du, euskal heziketa-zentroekin elkarlanean. Talentua sustatu, garatu eta erakartzen du; Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologiko desberdinen arteko sinergiak bultzatzen ditu; eta Euskadik adimen artifizialaren esparruan duen eskaintza nazioartean zabaltzen du.

Euskal gizarteak aurrean dituen erronkei erantzuteko adimen artifiziala ezinbesteko tresna bihurtu den unean jarri da martxan BAIC. Eusko Jaurlaritza da adimen artifizialeko (AA) ezagutzaren garapenaren eta aplikazioaren buru: Gobernu Programak bere lehenespenetan jarri du AA, 14. konpromisoan: “Euskadin errotutako 4.0 industria eta adimen artifizialaren garapena”. Europako Batzordeak, bestalde, eraldaketa digitalaren alde egin du: AA garatzeko eta erabiltzeko bideari ekin diote nola potentzia teknologiko handiek hala herrialde aurreratu txikiagoek.

Erakunde laguntzaileak

17 erakundek sortu dute BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroa. Hauek dira BAIC elkartearen sustatzaileak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoa, Petronor, Sener eta Versia erakundeak, eta TECNALIA eta AAko bere lantaldea, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) eragile zientifiko-teknologiko eta trebakuntza-zentroak.

Laguntza publikoa, azkenik, SPRI Taldearen eskutik dator, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren izenean.

AAz lurraldearen eraldaketa digital eta lehiakorrerako palanka gisa baliatzeko haren aldeko apustu sendoa egiteko aukera ematen duten aktibo ugari daude Euskadin. AAren ekosistemaren barruan, zentro teknologikoak ezagutzaren, berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren iturri dira, eta, ekosistema horretan, zentro teknologikoekin bat egiten dute unibertsitateek eta industria-enpresek.

EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Lanbide Heziketako zentroek osatzen duten hezkuntza-oinarriak, zentro teknologikoekin batera, Euskadiko ekoizpen-sareari eusten lagunduko duten eta Euskadiko enpresetan berrikuntza egingo duten profesionalak trebatzen ditu.