Berria

TECNALIA saritua REBUILDen BIM4DW tresnagatik

2023ko apirilaren 14a
Ganadores y finalistas de los premios Rebuild 2023

“Helburua eraikingintza industrializatua, digitala eta arduratsua sustatzea da, bai arlo sozialean, bai ingurumenaren aldetik”

TECNALIAk digitalizazioaren eta apustu teknologikoaren proiektu onenaren AEDAS Homes saria jaso du BIM4DW web-tresnagatik.

BIM4DW tresnagatik jaso du saria TECNALIAk; tresna hori ICEBERG ekimenaren esparruan garatu da. Web-tresna berriak eraikin bateko material-motak eta -kantitateak aldez aurreko informaziorik gabe kuantifikatzen ditu, eraispenaren plangintza egiten du, hondakinak kudeatu eta kostuak kalkulatzen ditu, baita jarduketaren ingurumen-eragina zenbatetsi ere.

Advanced Architecture Awards 2023, eraikingintza aldatzen ari diren proiektuak aintzatesteko sariak, banatu dira REBUILD 2023n, eta berrikuntza izan da protagonista nagusia.

Sariketa horretan, material berriak erabiltzen, produktu alternatiboak garatzen, erabiltzailearen esperientzia hobetzen, teknologia txertatzearen aldeko apustua egiten edo industrializazioa eta irizpide jasangarriak betetzea sustatzen duten enpresak eta profesionalak aintzatesten dira.

TECNALIAren proposamena REBUILD 2023n

TECNALIAk eraikingintzaren sektoreko digitalizazioaren, industrializazioaren eta zirkularitatearen arloan dituen soluzio teknologiko nagusiak aurkeztu ditu REBUILDen, industria hori eraldatzeko eta deskarbonizatzeko.

Ikerketa-zentroak askotariko garapen eta berrikuntzak eman ditu ezagutzera; besteak beste, produktu industrializatu berriak, automatizazio- eta robotika-soluzioak, eraikingintzaren balio-kateko edozein fasetan aplika daitezkeen biki digitalak eta tresna eta teknologia berritzaile berriak, guztiak ere eraikingintzaren industriak ekonomia zirkularrera iristeko bidea bizkortzea helburu dutenak.

Adituen hitzaldiak

TECNALIAk hainbat hitzalditan ere parte hartu du, bere adituen eskutik: eraikuntza industrializatuko proiektuen jasangarritasuna; eraikuntza berriaren zirkularitatearen erronka, Madril adibidetzat hartuta; biomaterialekin egindako fatxada industrializatu baten garapena; eraikuntzaren industria eraldatzeko eta deskarbonizatzeko digitalizazioa; BIMeko azken teknologiak, hala nola 3D inprimaketari edo biki digitalari egiten dion ekarpena; eta adimen artifiziala eraikuntzan.

José Manuel Olaizola TECNALIAko Industrializazio eta Automatizazioko arduradunak BIM metodologiak, biki digitalek eta errealitate areagotuak eraikuntzaren industrian duten aplikazioa azaldu ditu: “sistemen interoperabilitatea garrantzitsua da, eta BIMak hori ahalbidetzen du. Hizkuntza komuna erabiltzen dugunean, gertatuko dena aurreikus eta iragar dezakegu eta, adimen artifizialari esker, hobeto kudeatu ahal izango ditugu operazioak”.

ICEBERG proiektuari buruzko informazio gehiago: