Berria

URBANITE ekimenak hiri-mugikortasuna planifikatzen du, eta ekosistema jasangarri bat sustatzen

2021ko apirilaren 6a
La iniciativa URBANITE planifica la movilidad urbana y promueve un ecosistema sostenible

Ekosistema berriak funtzionarioen, herritarren eta sortzen ari diren teknologien balio-kateko eragileen itxaropenak eta konfiantza orekatzen ditu

Hiri-mugikortasunak ziurgabetasun eta konplexutasun handi bati egin behar dio aurre epe luzera, eta faktore hauek dira horren eragile: hiri-inguruneak hazteko eskaera eta eredu jasangarriago bat lortzeko eta kutsadura-mailak (airearen kalitatearena eta akustikoa) murrizteko presioa eta premia. Garraio-moduen eta haietan dautzan negozio-ereduen garapen teknologiko azeleratuak ere berariazko erronkak ditu modu eta eredu horiek zabaltzeko: gidatze autonomoa, mikromugikortasuna, ibilgailu konektatua, elektromugikortasuna, mugikortasuna zerbitzu gisa (MaaS) eta ibilgailu-jabetzaren eredu berriak.

Negozio-eredu disruptibo eta joera horiek hiri-plangintzaren egoera eta hirietako mugikortasunaren kudeaketa aldarazten ari dira. COVID-19aren krisiak, gainera, gure ereduak eta planak kanpoko gertakarien aurrean zer ahulak eta sentikorrak diren ikusarazi digu, eta erakutsi digu mugikortasun-murrizketak egin behar izanez gero arin erantzun behar dela.

Erronka horiei erantzuteko, mugikortasuna planifikatzeko prozesu eta metodo berriak behar dira, administrazio publikoei eta arduradun politikoei testuinguru hori hobeto ulertzen laguntzeko eta erabakiak hartzen eta gorabeherak iragartzen laguntzeko. Big dataren analisiak eta beste teknologia disruptibo batzuek arduradunen erabakiak babestu ditzakete politikak formulatzean.

Europar Batasunaren Horizon 2020 programako URBANITE proiektuak datuetan oinarrituta erabakiak hartzean teknologiak erabiltzea onartzeari eta teknologia horien benetako erabilerari dagozkien berariazko erronkak aztertzen ditu, ikuspegi parte-hartzaile batekin eta printzipio hauek betetzen dituen plataforma tekniko baten bidez: eskura dauden datuei ahalik eta probetxu handiena atera, datuen kudeaketa eraginkorrago bihurtu, hiri-mugikortasuna hobetzeko epe laburreko, ertaineko eta luzeko joerak identifikatu eta haietatik ikasi, problematikoak izan litezkeen gertaerak identifikatu eta ezusteko ondorioak mugatu, etorkizuneko egoera gomendagarriak eta ekintza potentzialak analizatu, politika eta zerbitzu publikoak sortu “pertsonekin” (ez soilik “pertsonentzat”), sailen arteko elkarlana sustatu hiri-ekosistema bat sortuz, eta eraldaketa digital eraginkor eta arrakastatsu bat sustatu eta bideratu.

Ia urtebete igaro ondoren, URBANITE itxura hartzen ari da. Lehen emaitzak eskuragarri daude; hobeto ulertu dira parte hartu duten lau hirien erabilerak: Amsterdam, Bilbo, Helsinki eta Messina. URBANITEko hiri pilotuek gizarte-politikako laborategian parte hartzeko saioak egin zituzten urtarrilean eta otsailean, datuetan oinarrituta erabakiak hartzeak dituen erronkak, arriskuak eta aukerak zehazteko. URBANITE arkitekturaren deskribapenaren lehen bertsioa egin zen, garapeneko eta integrazioko hurrengo urratsen oinarri izan dadin; ohiko datuen eredu semantikoa eta egiturak ere zehaztu ziren, eskura dauden eta proiektuko erabilera-kasuetarako garrantzitsuak diren datu-iturrien analisian oinarrituta; eta datuak modelatzeko eta bistaratzeko estrategia bat eta algoritmoak definitu ziren URBANITE domeinurako.

Informazio gehiago

  • Gure bazkideak: Alma Digit, Comune di Messina, Engineering Ingegneria, Forum Virium Helsinki, Fraunhofer Fokus, Jozef Stefan Institute, Stiching WAAG Society, Gemeente Amsterdam, Bilboko Udala, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra eta TECNALIA (koordinatzailea).
  • Proiektu honek Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantziazioa jaso du, 870338 zenbakiko dirulaguntzaren bidez.