Alemania, Danimarka, Espainia, Lituania eta Erresuma Batuko hamar proiektuk parte hartuko dute ekimenean
Hamar proiektu teknologiko lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challenge lehiaketan. Ikus-entzunezkoen arloan erabil daitezkeen teknologietan oinarritutako garapenak dituzten ekintzaileentzako eta startupentzako da lehiaketa hori.
Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technologyko ekimen nagusia, irailaren 26an izango da; ekitaldi horretan, proiektuak aurkeztuko dira, eta adimen artifizial sortzaileari buruzko mahai-inguru bat egingo da.
Saria duen ekintzailetza
Parte-hartzaileek enpresa-habia batean urtebetez doan egoteko aukera izango dute, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC (Business Innovation Center) batean. 10.000 euroko bi sari izango dira, Europako eta Estatuko proiekturik onenentzat, eta bi epaimahai bereizik emango dituzte.
Bestalde, hirugarren epaimahai batek 3.000 euroko aipamen berezi bat emango du, hamar proiektuetako baten ekintzailetza-balioak aintzatesteko. Proiektu irabazleek eta finalistek, gainera, aukera izango dute beren proiektua Euskadin garatzeko 500.000 eurorainoko finantzaketa lortzeko.
TECNALIA Zinemaldian
Zinemaldia Startup Challenge da Zinemaldia & Technology jardunaldiko ekimen nagusia. Ekimenaren sustatzaileak Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez) eta SPRI dira; eta Donostia Zinemaldiak antolatzen du, TECNALIA, ALÍA (Ikus-entzunezko Aliantza Industriala) eta Vicomtechen laguntzarekin. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da: ikus-entzunezkoen sektoreko berrikuntza teknologikoari buruz gogoeta egiteko erreferentziako gunea izan nahi du.
Donostia Zinemaldiaren, TECNALIAren, Tabakaleraren eta Petronorren ekimenez sortu zen Zinemaldia & Technology. Zinemaren mundua eta berrikuntzarena IKTetara hurbiltzeko ekitaldi bat jarri zuten martxan 2018an, bertatik bertara ezagutu ahal izateko aurrerapen teknologikoak, aurrerapen horiek izan ditzaketen erabilerak eta nola sorkuntzaren hala negozioaren alorrean sortzen diren aukerak.
Hala, Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bihurtu zen, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturak estutzeko erreferentziazko gune gisa posizionatzeko helburuarekin. Horretarako, Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa sortu zen, ekimen publiko-pribatu bat, ikus-entzunezko sektorean aplikatutako teknologia berritzailearen esparruan Europako enpresa-proiektu berriak sortzea sustatzeko.
Informazio gehiago, hemen: Adimen artifiziala da Zinemaldia Startup Challenge ekimeneko proiektuen protagonista (sansebastianfestival.com)