Berria

Adimen artifizialean, AWS web-zerbitzuetan, teknologia haptikoan, efektu bisualetan/berezietan (VFX/SFX) eta mugikorreko aplikazioetan oinarritutako bost proiektu lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challenge sailean

2021ko abuztuaren 12a
ZINEMALDIA

Zinemaldia & Technology irailaren 23an egingo da, Tabakaleran, eta, besteak beste, bost finalisten aurkezpenak egingo dira eta eskola magistral bat emango da

Zinemaldia Startup Challenge, Eusko Jaurlaritzak sustatua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, Zinemaldia & Technology jardunaldiko ekimen nagusia da, eta Zinemaldiak, TECNALIAk eta Tabakalerak antolatzen dute, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroarekin batera. Tabakalerarekin, 2deo ikus-entzunezko laborategiaren bidez, jarduera hau urte osora zabaltzeko lanetan ari dira.

Danimarka, Espainia eta Frantziako bost proiektuk hartuko dute parte Zinemaldia Startup Challenge-ren hirugarren edizioan; lehiaketa Europan sortu berri diren ekintzaile-lantalde eta startupei zuzendua dago. Teknologia berriak erabiltzean oinarritzen diren ikus-entzunezkoen arloko enpresa-garapenak proposatzen dituzte. Sari hau irabaz dezakete: 10.000 €, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC bateko kabigune bat lehen urtean doan erabiltzeko aukera eta 500.000 €-ra arteko finantziazioa. Hirugarren edizio honetan, zortzi herrialdetako 37 izen-emate jaso dira.

Parte hartzen duten enpresek aukera izango dute urtebetez kabigune batean aritzeko, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC (Business Innovation Center) batean, eta 500.000 €-rainoko finantziazioa eskuratu ahal izango dute proiektua garatzeko. Epaimahai batek irabazle izendatutako proiektuak, gainera, 10.000 € jasoko ditu.

Bost finalista

Hauek dira bost finalistak: Kinetix, Frantziakoa, animatzaileentzako eta 3D estudioentzako adimen artifizialeko tresnak egiten ditu, prozesuak errazteko eta bizkortzeko; Klipworks, Danimarkakoa, AWS web-zerbitzuen teknologiarekin, beste kolaboratzaile batzuek sortutako bideo-edukiak atzitzen eta erabiltzen laguntzen die sortzaileei; OWO Entertainment, Espainiakoa, film bat ikusten ari zarela sentsazio fisikoak eragiten dituen jaka haptiko bat garatzen ari da; Panoramic Plates, Espainiakoa, zinemarako eta telebistarako 360°-ko hondoak mugimenduan filmatzeko zerbitzu bat; eta Raccorder, Espainiakoa, script lanetarako mugikorreko aplikazio bat, behar diren tresna guztiak tresna digital batean bateratzen dituena eta filmazioei buruzko informazioa bilatzen laguntzen duena.

TECNALIAk Zinemaldiarekin eta 2deo-rekin (Tabakalerako euskarazko edukien ikus-entzunezko laborategia) batera egin du laugarren edizio hau. Antolaketan, ikus-entzunezkoen munduko teknologia aipagarrienen hautaketa bat proposatzen da; startup challengeko proiektuak ebaluatzen dira, eta epaimahaia aukeratzen laguntzen da.

Hala, bertatik bertara ikus daitezke aurrerapen teknologiko berriak eta sorkuntzaren zein negozioen alorretan sortzen zaizkien erabilera eta aukera posibleak. Zinemaren eta IKTetako berrikuntzaren topaketa sustatzea da helburua, eta, hala, bestelako narratiba bat eta ikus-entzunezko industriako negozio-aukera berriak sortzea.