Berria

Buckypapera, etorkizunari sendotasuna ematen dion supermateriala

2022ko uztailaren 21a

“Buckypapera garraio-sektoreko ibilgailu eta azpiegiturak garatzeko potentzial handia duen materiala da, eroankortasun elektriko eta termiko handia, kaltearekiko tolerantzia handiagoa eta nekearekiko erresistentzia baititu”

Karbonozko nanohodiak ekonomia jasangarrirako

Ekonomia jasangarrirantz joateko, material iraunkorragoak, arinagoak, eta eroankortasun elektrikoa hobetzen dutenak behar dira. Ibilgailu termikoen elektrifikazio-prozesua martxan dago jada, paradigma-aldaketa bat dakar, eta beharrezkoak, ditu, batetik, ekonomia berrira egokitutako autoak eta hegazkinak, eta, bestetik, garraio-sistema berri horiei lagunduko dieten azpiegiturak.

Helburu horiek jomuga hartuta, Europako liderretako bat da Espainia buckypaperaren garapenari dagokionez: xafla mehe bat, karbonozko nanohodi (CNT) gurutzatuz osatua.

Buckypapera garraio-sektoreko ibilgailu eta azpiegiturak sortzeko potentzial handiko materiala da. Izan ere, eroankortasun elektriko eta termiko handia, kaltearekiko tolerantzia handiagoa eta nekearekiko erresistentzia ditu, eta, horri esker, egitura metalikoen ordezko egokia da; eta abantaila handi bat du, gainera: nabarmen murrizten du pisu/erresistentzia erlazioa.

Instalazio pilotua, Sisteplant-ekin elkarlanean

TECNALIAk, Sisteplantekin elkarlanean, instalazio pilotu bat garatu du, CNTzko xafla jarraituak egiten dituena industria-prozesuetan erabiltzeko. Zehazki, 100 m-rainoko luzera eta 300 mm-rainoko zabalera duten buckypaperak egin ditzakete.

Instalazio pilotu horretan, ibilgailu elektrikoek dituzten erronka nagusietako batzuk konpontzen laguntzen duten erakusleak egiten dituzte: zehazki, ibilgailuaren beraren pisua murrizteko eta hura propultsatzen duten baterien kapazitatea handitzeko.

Beste aplikazio batzuetan ere potentzial handia du buckypaperak; frogatuta dago, esate baterako, potentzial handiagoa duela tximisten inpaktutik babesteko; kaltetzen den eremua % 25 txikiagoa da. Halaber, azpiegiturek beren balio-bizitzan duten osasun-maila monitorizatzen duten sentsoreetan ere erabil daiteke.

Azkenaldian, TECNALIAko ikertzaile-taldea CNTen fabrikazio-prozesuak zabaltzen eta automatizatzen ari da, fabrikazio-kostuak murrizteko. Hain zuzen, horixe da teknologia hau industria-eskalan inplementatzeko eragozpen nagusia.