Berria

Cerámica Mayor enpresak TECNALIAren esku utzi du bere BIM familien katalogoa sortzea

2021ko maiatzaren 3a
Familias BIM

Cerámica Mayorren produktuak BIM metodologiarekin egindako proiektuetan sartu ahal izango dira

Eraikuntzaren eta azpiegituren sektorean, azken urteetan, goitik behera berritzen ari dira lan-fluxuak diseinuan, eraikitze-prozesuan, operazioetan eta mantentze-lanetan.

Iraultza honen protagonista lan-metodologia berri bat da: BIM, Building Information Modelling. Eraikuntza-prozesu baten eragile guztiak 3Dko eredu birtual batean biltzen ditu; eraiki behar den azpiegiturarekin erlazionatutako informazio guztia dauka eredu horrek.

Cerámica Mayorrek, eraikuntza-prozesuan parte hartzen duen eragilea izanik, aldaketarekin bat egitea erabaki du, eta bere produktuen katalogo tradizionala BIM familien katalogo bihurtu nahi du. Hartara, BIM metodologiarekin egindako proiektuetan erabili ahal izango dute proiektugileek, arkitektoek eta ingeniariek. Cerámica Mayorrek, digitalizazio hori egiteko, BIM zerbitzuetan dugun esperientzian eta gaitasun teknikoan jarri du konfiantza.

Gure BIM zerbitzuen eskaintzari esker, eraikuntzako eragileek hobetu egin dezakete BIM proiektuen diseinu-, eraikuntza-, operazio- eta mantentze-faseetan duten parte-hartzea.

Zerbitzu-aukera zabala

Gure katalogoan, soluzio hauek daude: BIM edukia sortzea (BIM familien katalogoak eta BIM materialen liburutegiak), eraikinen eta azpiegituren BIM modelaketa (aireportuak, eraikin instituzionalak, hirigintzako garapenak, etab.) eta BIM ereduen ikuskaritza (BIM estandarrak eta arauak betetzen diren egiaztatzea).

Eraikuntza digitaleko zerbitzu aurreratuak ere baditugu: produktuen web-konfiguratzaileak sortzea, erabiltzaile-esperientzia hobetzeko eta online gehiago saltzeko; diseinu konputazionala, errazago diseinatzeko eta geometria konplexuak errazago sortzeko; datuak eta 3Dko bisoreak 3Dko aginte-paneletan integratzea, aktiboei buruzko informazioaren kudeaketa optimizatzeko.