"BIPV honetan datza: eguzki-panelak elementu arkitektonikoetan integratzen dira zuzenean, hala nola leihoetan, fatxadetan, sabaietan eta beste gainazal batzuetan"
Fotovoltaikoa eraikinetan integratzea: BIPVren erabilerako aurrerapenek araudiak eguneratzea bultzatzen dute
Fotovoltaikoa eraikinetan integratzeak (BIPV, ingelesezko siglak) hazkunde nabarmena izan du azken urteotan, eta horrek agintariak bultzatu ditu aplikatu beharreko araudiak berrikusi eta eguneratzera, teknologia hori erabiltzea sustatzeko eta haren ahalmena energia garbia eta jasangarria sortzeko aprobetxatzeko.
BIPV honetan datza: eguzki-panelak elementu arkitektonikoetan integratzen dira zuzenean, hala nola leihoetan, fatxadetan, sabaietan eta beste gainazal batzuetan, eta, hala, eraikinek energia elektrikoa sor dezakete eguzki-argitik, modu eraginkor eta estetikoki atseginean. Teknologia horrek onarpena handitu du mundu osoan, energia berriztagarriaren sortzaile bihurtzen baititu eraikin konbentzionalak, eta, hala, murrizten baitu energia-iturri ez-berriztagarriekiko mendekotasuna.
Teknologia fotovoltaikoa eraikuntzan
Gero eta presentzia handiagoa du teknologia fotovoltaikoak eraikuntzan, eta gero eta produktu eta sistema gehiagok dute integratua fotovoltaikoa (BIPV). Horregatik, beharrezkoa da teknologia fotovoltaiko eta eraikuntza-elementuei aplikatzeko araudia edukitzea.
- 2016an, Europako EN 50583-1 eta EN 50583-2 arauak argitaratu ziren, eraikinetan integratutako modulu eta/edo sistema fotovoltaikoetarako. Biak berrikusten ari dira, hutsuneak dituztelako, batez ere eskakizunak bateratzeko zailtasunagatik.
- Bestalde, beharrezkoa da elementu aktiboaren ikuspegitiko zein eraikuntza-elementuaren ikuspegitiko betekizunak biltzen dituen araudia izatea. Zenbait arau saiatu dira behar horri erantzuten, hala nola ISO/TS 18178:2018 Glass in building — Laminated solar photovoltaic glass for use in buildings araua, beira ijezturako espezifikoa.
- Hala ere, ez dago erantzunik produktu gehienentzat; areago, fotovoltaikoa integratua duten eraikuntza-sistemak badira, urriak dira haiek ebaluatzeko gidak.
Fotovoltaikoa integratuarekin eraikitzeko produktuak edo sistemak ebaluatzea
Aplikatu beharreko araudiaren egoeraren ikuspegi orokorra izan ondoren, interesgarria da jakitea nola heltzen ari zaion merkatua fotovoltaikoa integratuarekin eraikitzeko produktuak edo sistemak ebaluatzeari.
Gure lankide Susana Santamaríak, gure optika-laborategiaren arduradunak, hitzaldi bat emango du, azaroaren 23an, Madrilen, eraikuntzan integratutako teknologia fotovoltaikoa (BIPV): hura karakterizatzeko eta eskakizunak betetzeko erronkak gaitzat hartuta, Asefave enpresa-elkarteak sustatutako Leihoaren, Fatxadaren eta Eguzki Babesaren Nazioarteko Biltzarraren esparruan.
Biltzar hori Espainiako itxitura-sektorearen foro nagusi bihurtzeko eta sendotzeko asmoarekin sortu da, sektore horretako eztabaida, sustapena eta garapena helburu (leihoak, fatxada arinak, fatxada aireztatuak, eguzki-babeseko sistemak eta haien osagaiak).