"Talavera de la Reinan jaio zen ofizialki Gaia-X España elkartea"
Unitate DIGITALeko teknologia-zuzendaria, Jesús María Santamaría, Gaia-X Españako zuzendaritza-batzordeko kide izango da
Joan den ostiralean, Talavera de la Reinan jaio zen ofizialki Gaia-X España, Europako Gaia-X ekimenaren Espainiako HUB gisa funtzionatuko duen erakundea. Europar Batasunean datuaren ekonomia garatzeko konpromisoa duten erakunde publiko eta pribatuak biltzen ditu, eta datu-azpiegituren hurrengo belaunaldia sortzeko proposamen bat sortu du: ekosistema digital ireki, garden eta seguru bat, non datuak eta zerbitzuak eskuragarri, erkatuta eta konfiantza-giroan partekatuta baitaude.
Eratze-ekitaldian, zuzendaritza-batzordeko kide izateko aukeratu dute TECNALIA. Batzorde horri dagokio ekimena gidatzea, eta, Carmen Artigas Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko estatu-idazkariaren arabera, ekimen horrek "ekonomia digital batera joan behar du, datua balio erantsi handieneko aktiboetako bat izango den ekonomia batera". Datuak partekatzeko ekosistemako 150 erakundek baino gehiagok parte hartu dute ekitaldian; besteak beste, Correos, Repsol, Philips, Airbus, Microsoft, Telefónica, Orange, Vodafone eta IBM enpresek.
Jesus María Santamaríak ordezkatuko du gure zentroa Gaia-Xn, eta haren lanak indartu egingo du Europa mailako Gaia-Xn dugun presentzia, bai eta datuari lotutako Europako beste ekimen batzuetan dugun posizioa ere; hala nola ADRAren Zuzendaritza Batzordean (AI,Data & Robotics Association) parte hartzea, IDSA (International Data Spaces Association) erakundeko gaitasun-zentro gisa egiaztatzea eta adimen artifizialarekin eta datuaren ekonomiarekin erlazionatutako elkarteekin dugun lotura (BDVA/DAIRO, CLAIRE, ELLIS, EuRAI eta AI Alliance).
Gainera, hainbat ekimenetan lan egiten dugu, hala nola AI4ES, datuan oinarritutako teknologia gaitzaileen bikaintasun-sarea; Gaia-Xn aplikatuko den teknologia garatzen ari diren Europako zenbait proiektu koordinatzen ari gara (MEDINA, hodeiko zerbitzuen etengabeko ziurtapen-eskemei buruzkoa, eta PIACERE, azpiegitura batek kode gisa duen bizi-zikloa kudeatzeko); eta datu-espazioak hedatzeko ekimenetan parte hartzen dugu (OMEGA-X eta ENERSHARE proiektuak, energiaren sektorean, besteak beste).
Datuaren kudeaketa eta subiranotasuna
Datuak "petrolio berria" dira; aktibo baliotsuak dira datozen urteetan sortuko diren eta indarra hartuko duten produktu eta zerbitzuetarako. Datuen prozesamendu adimenduna menderatzen dutenek nabarmen kontrolatuko dute merkatua, eta berek markatuko dute etorkizuna, non testuingurua gero eta konektatuagoa, automatizatuagoa eta konplexuagoa izango baita.
Gure ekarpena egin nahi dugu, soluzio berritzaile eta teknologikoak asmatuz eta diseinatuz interoperabilitatea ezaugarri duten datu-espazio fidagarriak eta subiranoak lortzeko. Helburua datu-ekonomiaren potentzial osoa garatzea da, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzeko.
TECNALIArekin batera, hauek ere Gaia-X Españako kide izendatu dituzte: RECI (Espainiako Hiri Adimendunen Sarea), AMETIC (Espainiako Elektronikako eta Komunikazioetako Sektore Anitzetako Elkartea), INDESIA (Datu Ekonomia eta Adimen Artifiziala sustatzeko Estatuko Industria Partzuergoa), CTIC zentro teknologikoa, Informatikako Institutu Teknologikoa, Aire Networks, Telefónica, Amadeus IT Group, Inetum, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, CSIC Fundazio Orokorra, Gurutze Gorria, Big Data Madrid klusterra, EIT Urban Mobility, Gigas Hosting, AnySolution, Tinamica, Eccocar Sharing, Cloudglobal, CEOE (Espainiako Enpresa Erakundeen Konfederazioa) eta Gaztela-Mantxako Erkidegoen Junta.