"Teknologiak eskalatzea ahalbidetuko duten soluzio nagusiak aurkeztu ditu TECNALIAk, baita aktiboen diseinu erresistenteagoa ere"
Hogei urte bete ditugu itsas zabaleko energia berriztagarriak garatzen, eta lortutako mugarri teknologikoek eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko gaitasunak markatu dute gure ibilbidea
TECNALIAn ekitaldi bat antolatu dugu itsas zabaleko energia berriztagarrien garapenean 20 urte egin ditugula ospatzeko. Teknologiak eskalatzea ahalbidetuko duten soluzio nagusiak aurkeztu ditu taldeak, baita aktiboen diseinu erresistenteagoa ere. Hauei esker lortu dugu hori guztia:
- Berrikuntzak egitea osagaietan eta materialetan.
- Parkeen bizitza erabilgarria luzatzeko teknologia digitalak eta AA erabiltzea.
- Eskuragarritasuna hobetzea.
- Kostuak murriztea.
- Berrindustrializazioa sustatzeko neurriak hartzea.
Gainera, ekodiseinua eta zirkulartasuna nabarmendu ditu taldeak energia berriztagarriak ingurunean hobeto integratzeko joera giltzarri gisa.
Jardunaldian, arreta berezia eskaini zaio itsas parkeetako kontrola kodiseinatzeko metodologiari, zeina Europan ezarri nahi baitu TECNALIAk. Horretarako, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren Energia Saileko Advanced Research Projects Agency-Energy-ko (ARPA-E) programa-zuzendari Mario García-Sanz izan da ekitaldian. Sail horrek 150 milioi dolar inbertitu ditu metodologia hori herrialdean garatu eta ezartzeko, eta horrek oso eragin positiboa izan du industrian.
Bertaratu direnek aurrez aurre ikusi ahal izan dute nolako abantailak dituen kodiseinuak. Prozesu teknikoak hobetzeaz gain, erronka konplexuak gainditzen ditu eta ezagutzaren transferentzia eraginkorra ahalbidetzen du.
TECNALIA, 20 urte itsas zabaleko berriztagarriak garatzen
Duela hogei urte, epe labur-ertaineko ikuspegi komertzial garbirik gabe baina Euskadiko industria- eta energia-estrategiarekin lerrokatuta, TECNALIA teknologikoki prestatzen hasi zen gaur egun deskarbonizazioaren erronkan giltzarri den sektore bat —itsas zabaleko energia berriztagarriak, kasurako— garatzen laguntzeko. Ekitaldian, TECNALIAko taldeak bere hogei urteko ibilbidean izan diren mugarri teknologiko nagusien aipamena ere egin nahi izan du; adibidez, oinarri teknologikoko bi enpresa sortu izana. OCEANTEC, olatuen energiaren kaptadore bat (gerora IDOMera transferitua), eta NAUTILUS Floating Solutions, itsas zabaleko energia eolikorako soluzio flotagarriak garatzen dituena. Hona hemen beste mugarri aipagarri batzuk: 2022az geroztik HarshLab laborategia diseinatu, instalatu eta operatu du, eta aurrerapen teknologiko giltzarriak garatu ditu (DITRELen konektore elektrikoa, kasurako), zeinak azkartzen baitu itsaspeko kable dinamikoen eta plataforma flotatzaileen arteko konexioa.