"TECNALIAk instalazio pilotu bat du Donostian (Euskadi), astean 15 m2 ekoizteko ahalmena duena"
Hiru entitateek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, buckypaperen aplikagarritasuna eta erresistentzia aztertzeko
Buckypaperak material konposatuetan txertatuz, material arinagoak, malguagoak eta erresistentzia handiagokoak egin daitezke. Propietate bikainak ere lortzen dira; adibidez, materialen pisua altzairuaren pisuaren hamarreneraino txikiagotu daiteke, eta indarra, berriz, 500 bider handiagoa izan daiteke. Material berriak garatzea diseinu jasangarriagoak lortzeko bideetako bat da. Hori da ikerketen eta haien aplikazioen helburuetako bat: CO2-emisioak murriztea.
Buckypapera: eroankortasuna eta aurrezpena
Buckypaperak xafla jarraituak dira, film beltzaren antzekoak, karbonozko nanohodiz eginak. Xafla bakar bat erabilita, konpositezko panel baten eroankortasun elektrikoa 20 aldiz handiagotzen da, eta haren propietate mekanikoak % 60 hobetzen dira.
Buckypaperak hainbat sektoretan erabiltzen dira; esate baterako, garraioan, energian, osasunean eta uren tratamenduan. Autobusen paneletan, berokuntza-elementu gisa erabiltzen dira; baterietan, aldiz, elektrodo moduan; eta urak tratatu eta iragazteko ere baliatzen dira. Orobat, egitura konposatuen pisua txikiagotzeko erabiltzen dira; adibidez, hegazkinen egituretan txertatzen direnean, erregaia aurrezten da.
Lankidetza-hitzarmena INTAren, Gaztela-Mantxako Unibertsitatearen eta TECNALIAren artean
TECNALIAk instalazio pilotu bat du Donostian (Euskadi), astean 15 m2 ekoizteko ahalmena duena. Metodo berriak garatze bidean daude asteko ekoizpena 50 m2-raino handitzeko eta, hala, prozesu industrialetan ezarri ahal izateko.
Gaur egun, horrelako materialak monitorizatzeko teknologiak garatzen ari da INTA, deformazio-balio txikiko karga-egoeretarako. Xede horrekin, zuntz optikozko sentsoreak erabiltzen dituzte (FBGS, ingelesezko siglengatik).
Ikerketa-lerro horrekin bat, UCLMko (Gaztela-Mantxako Unibertsitateko) Ingurune Jarraituen Mekanikaren, Egituren eta Materialen Ingeniaritzaren Taldea (COMES) sentsore horiei buruzko azterlana eta analisi esperimentala egiten ari da, karga-egoera multiaxialetan.
Hiru entitateek sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren bidez, bakoitzak bere aldetik egindako azterlanen emaitzak alderatu ahalko dira, eta, era horretan, deformazio-mota guztiak aztertu.