Berria

TECNALIAK IndesIA-n parte hartu du, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) zentroko kide gisa

2021ko ekainaren 28a
Indesia

Partzuergoaren helburua da enpresen artean datuen eta adimen artifizialaren ustiaketa sofistikatu bat sustatzea industria-esparruan.

Digitalizazioaren aroa iritsi da, eta iraultza izugarria eragin du. Orain arte, iraultza teknologiko batek ez zien hainbeste sektoreri aldi berean eta hain azkar eragin. Aro berri honetako teknologia gaitzaile garrantzitsuenetako bat Adimen Artifiziala da.

Adimen Artifizialaren zeregin aktiboa indartzen saiatzen diren askotariko ekimenak daude. TECNALIAK IndesIA nabarmendu nahi du, zeina Datu Ekonomia eta Adimen Artifiziala sustatzeko Estatuko Industria Partzuergo bat baita. Haren helburua da enpresen artean datuen eta adimen artifizialaren ustiaketa sofistikatu bat sustatzea industria-esparruan.

Sei enpresa eragilek (Telefónica, Repsol, Microsoft, Navantia, Técnicas Reunidas eta Gestamp) osatzen dute partzuergo hori, eta ikerketa-zentro pribatu eta publiko askoren laguntza du; aurrera egin ahala enpresa berriak eta beste sektore batzuk sartzea espero da.

IndesIAk anbizio bat aurkeztu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarentzat, Adimen Artifizialeko Estrategia Nazionala (ENIA), zeina dagoeneko jasota baitago Adimen Artifizialeko I+G+B Estrategietan; TECNALIAK hasieratik hartu zuen parte estrategia horietan, erreferentziazko beste erakunde batzuekin batera.

TECNALIAK, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) zentroko kide den aldetik, IndesIA-n parte hartu du, industria-prozesuen automatizazioaren eta optimizazioaren bidez lehiakortasuna areagotzeko, eta energia-eraginkortasunaren, material berrien eta ekonomia zirkularraren defentsaren bidez jasangarritasuna areagotzeko. Hori guztia, datuak eta adimen artifiziala erabilita.

Dibulgazio-jardunaldiak

TECNALIAK, halaber, parte hartuko du Enpresa Digitalaren esparruan SPRIk antolatzen dituen “Adimen Artifiziala orain da" izeneko lau dibulgazio-jardunaldiko zikloan ere.

Adimen Artifizial Aplikatuarentzako Laguntza Programa berria ere aurkeztuko du. Óscar Lage eta Sergio Gil kideek parte hartuko dute uztailaren 1ean 9:30ean egingo den “Digitalizazioaren aroa: Adimen Artifizialaren Aplikazio Praktikoak eta Sekurizazioa” jardunaldian.

Jardunaldi horretan, adimen artifizial aplikatua zer den eta zer segurtasun duen azalduko da, prozesuak abian dituzten produkzio-enpresen esperientzien bidez.

Ongietorria ematen diogu IndesIA-ri, eta Adimen Artifizialaren aplikazio praktikoa ezagutu nahi duten enpresa guztiak animatzen ditugu ekimen honekin bat egitera.