2021eko maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik hautagaitzak aurkezteko epea; telematikoki tramitatu behar dira, SusChem-Españaren webgunearen bidez
Kimika Jasangarriaren Teknologiako eta Berrikuntzako Plataformak (SusChem-España) XIII. SusChem Sariak iragarri ditu. Sari horiek Espainiako ikertzaile gazteen jarduera zientifikoa eta dibulgaziokoa nabarmendu, babestu, bultzatu eta sustatzen dute. Halaber, kimikaren diziplina bultzatu, garatu eta zabaltzen du, bai zientzia huts gisa, bai haren aplikazioak kontuan hartuta.
SusChem Sariak 40 urtetik beherako ikertzaile kimiko gazteei zuzenduta daude, eta hiru kategoriatan banatzen dira:
- Futura: kimikako graduko edo zientziarekin eta teknologia kimikoekin erlazionatutako beste graduren bateko espediente akademiko onenaren saria (tituluak 2020an lortua izan behar du). 2.000 € eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra.
- Investiga: 2020ko argitalpen zientifiko onenaren egilearen saria; argitalpenak kimikari buruzkoa izan behar du, arloa edozein dela ere, eta egileak 2020ko abenduaren 31rako jasoa izan behar zuen doktore-titulua. 3.000 € eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra.
- Innova: elkarlan publiko eta pribatuan oinarrituta egindako lan onenaren saria. Aurkeztutako lanak azken hiru urteetan eman behar izan ditu emaitzak kimika jasangarriarekin erlazionatutako edozein arlotan; hemen sartzen dira ekonomia zirkularrerako trantsizioarekin eta deskarbonizazioarekin erlazionatutako lanak. 5.000 € eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra. Egonaldi bat egin ahal izango da TECNALIAren kimika aplikatuko ikerketa-laborategietan, lanaren bideragarritasun industriala, merkatu-ahalmena eta alderdien arteko hitzarmena kontuan hartuta. Ordezko aukera gisa, ikertzaileak mentoretza-saioetan parte hartu ahal izango du TECNALIA Ventures Venture Builder Deep Techaren eskutik, ekintzailetza teknologikoaren arloan dauzkan ahalmenak hobetzeko.
Aurkezteko epea
- 2021eko deialdian parte hartzeko dokumentazioa maiatzaren 31ko 17:00ak arte onartuko da (penintsulako ordua). Parte-hartzaileek SusChem-Españaren webgunean sartuta tramitatu behar dituzte hautagaitzak.
Informazio gehiago
SusChem Sariak 2008an jarri ziren abian, eta, ordutik, 50 ikertzaile kimiko gazteri eman zaizkie , 900 hautagaitza baino gehiagoren artetik. Kimikaren arloan etorkizun handia duten gazteen lana ezagutarazten dute Sariek, bai hemengoena, bai mugaz haraindikoena. Gure herrialdean 40 urtetik beherako ikertzaileek etorkizun handiko harrobia osatzen dutela jartzen dute agerian, batez ere Innova eta Investiga kategoriek. Aparteko espedientea duten kimikako eta antzeko beste diziplina batzuetako ikasleen bikaintasuna nabarmentzen dute Futura kategoriako sariek.
Enpresa- eta industria-kudeaketaren arloan eta ingurune zientifiko, akademiko eta instituzionalean ospe handia duten profesionalek osatuko dute epaimahaia. Saria jaso dutenei zuzenean emango zaie epaiaren berri, eta SusChem–España Kimika Jasangarriaren Teknologiako eta Berrikuntzako Plataformaren eta beste erakunde antolatzaileen webgunean ere argitaratuko da. Epaia apelaezina izango da, eta, beranduen jota, 2021eko uztailaren 15ean jakinaraziko da.
Sari hauek SusChem-Españak iragartzen ditu, eta hauek sustatzen dituzte: Espainiako Industria Kimikoaren Enpresa Federazioa (FEIQUE), Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionala (ANQUE), Kimika Fakultateetako Dekanoen Espainiako Konferentzia (CEDQ), Expoquimia, Química y Sociedad Foroa eta TECNALIA Ventures, TECNALIAren Venture Builder Deep Techa.