Biki digitalak aukera ugari dakarzkie motorraren industriako ekoizpen-prozesuei
Industria-inguruneetan biki digitalen teknologia erabiltzeak benetako iraultza dakar mantentze-lan industrialen planak egiteko orduan eta aktibo kritikoenen mantentze prediktiboa kudeatzerakoan. Teknologia horrek, gainera, instalazioan gerta litezkeen gorabeherei aurrea hartzeko aukera ematen du.
Automobilgintzan, lehentasuna du kalitatea linean kontrolatzeko sistemak diseinatzeak. Horregatik, biki digitalen teknologiaren bidez “zero akats” ibilgailuak fabrikatzeko sistema bat garatzen ari gara beste enpresa hauekin batera, operazio-efizientzia hobetzeko: GRUPO ANTOLÍN, ESTAMPACIONES MAYO, FERSA, FAGOR, SEGULA, GRUPO ALAVA eta EUROHELP.
Automobilgintzaren hiru erronka nagusi
- Informazioa ikusgai egotea hornidura-kate osoan
- Azken produktuaren kalitatea maximizatzea
- Aktibo industrialen disponibilitatea hobetzea
Erronka horiei aurre egiteko, biki digitalean oinarritutako teknologia aukeratu dugu: aktibo, prozesu edo produktu baten simulazio birtual bat egiten da, haren ezaugarri fisikoetan eta sortzen diren datu eta parametroetan oinarrituta. Simulazio birtual edo eredu-hibridazio horren bidez, aldez aurretik detekta daiteke aktibo horietan arazoak edo akatsak ager daitezkeela, eta simulazio hutseko ereduekin baino zehaztasun handiagoz iragar daitezke prozesuen emaitzak.
Simulazio birtual horrek ikusmen artifizialeko sistemak ditu piezen gainazala ikuskatzeko eta piezen dimentsioak 3Dn kontrolatzeko, ekoizpen-lerroaren berariazko beharretara egokituta. Teknologia horiek aukera ematen dute fabrikazio-lerroetako kalitate-estandarretan aurrera egiteko eta, ikaskuntza sakoneko algoritmoak ezarriz, hainbat akats detektatzeko eta etengabe hobetzeko.
Horien guztien osagarri dira beste teknologia batzuk; adibidez, bloke-kateak biki digitalei aplikatuta, datuen integritatea bermatzen da.
Informazio gehiago
Sistema berria erabiltzen ari dira dagoeneko GRUPO ANTOLIN, FERSA BEARINGS ETA ESTAMPACIONES MAYOren fabriketan (Burgosen, Valentzian, Zaragozan eta Iruñean). Hiru erabilera-kasu ari dira erabiltzen: prozesuak optimizatzea, mantentze-lanak optimizatzea eta kalitatea lerroan kontrolatzea.
Aurreikuspenen arabera, 2021aren amaierarako egongo da sistema hau funtzio guztiak integratuta fabriketan.