"Biomasa eta CO2-a modu efizientean ustiatuko badira, nabarmen aldatu behar dira ohiko manufaktura-prozesuak"
Biomasak eta CO2-ak ekonomia zirkularra eta deskarbonizazioa bultzatzen dituzte, eta hornidura-ahulezia murrizten dute
Biomasa eta CO2-a modu efizientean ustiatuko badira, nabarmen aldatu behar dira ohiko manufaktura-prozesuak. Prozesu horietako berrikuntzari esker, propietateak antzekoak edo hobetuak dituzten produktuak lortuko dira, biomasatik eta CO2-tik lortuak; ekonomia zirkularra eta deskarbonizazioa bultzatuko dituzte, eta jatorri fosileko lehengaiei lotutako hornidura-ahulezia murriztuko dute.
Soluzio teknologikoak
Ustiapen efiziente horretarako zenbait soluzio teknologiko lantzen ari gara, parte hartzen dugun Europako ekimen batzuen esparruan garatuak.
- Itsasgarri eta estaldura biooinarritu berriak, baso-biomasatik datozen zelulosa-nanozuntzetatik eta frakzio polifenolikoetatik abiatuta formulatuak, propietate hobetuak dituzten zurezko taulei aplikatzeko.
- Birziklagarritasun-maila handia duten zelulosazko mikrozuntz eta nanozuntz funtzionalak eta zelulosazko zuntz, mikrozuntz eta nanozuntzetan oinarritutako soluzioak ekoiztea elikadura-bilgarrien eta eraikuntzaren sektoreetarako (panel isolatzaileak, adibidez).
- CO2-atzipenetik abiatuta poliesterra ekoiztea, ehun-aplikazioetan erabiltzeko.
Hidrogenoaren esparrua, zeina garrantzi handia hartzen ari baita energia-sistema deskarbonizatzeko, ez da berrikuntza horietatik kanpo geratzen. Berrikuntzak egiten ditugu gasak bereizteko mintzetan; Polyether Block Amide (PEBA) kopolimeroaren kimikan oinarrituta daude, eta hidrogeno berriztagarria ekoizteko nahiz CO2-a atzitzeko eta balioztatzeko erabil daitezke.
Bioerregaien eta bektore energetikoen ekoizpenarekin lotutako garapenak
- Prestigio handiko beste bazkide batzuekin batera, fotosintesi artifizialeko prozesu bat lantzen ari gara mikroorganismo ez-fotosintetikoak eta organismo fotosintetikoak dituen sistema hibrido batean oinarritua. Argi naturala energia-iturri gisa erabiliz, sistemak erregai, energia-bektore eta/edo balio erantsi handiko produktu kimiko bihurtzen du CO2-a.
- Halaber, hegazkintzarako eta itsas sektorerako bioerregaiak lortzen laguntzen dugu, biofintze-prozesu eta prozesu biologiko bidez, hiri-hondakin solidoen eta hondakinen frakzio organikotik abiatuta.
Deskribatutako garapenak Europako berrikuntza-ekimen batzuen esparruan egiten ari dira: CARBIOW, CUMERI, PHOTO2FUEL, REDYSIGN, SUPERBARK eta THREADING-CO2.
** CARBIOW, CUMERI, PHOTO2FUEL, REDYSIGN, SUPERBARK, eta THREADING-CO2 ekimenek Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso du, honako zenbaki hauek dituzten dirulaguntza-akordioen bidez: 101084443, 101091812, 101069357, 101112521, 101112447 eta 101092257.