Berria

Eraikinen eraispen adimentsurako web-tresna berritzaile bat garatu dugu

2024ko uztailaren 19a
Herramienta web para la demolición inteligente de edificios

"Soluzioaren funtzionalitateek eraispen-prozesua eta hondakinen kudeaketa optimizatzen laguntzen dute, eta, hala, baliabideen zirkulartasun handiagoa lortzea sustatzen da"

Lezama Demoliciones enpresarekin elkarlanean ari gara eraikinen eraispen adimentsu eta jasangarriagorako web-tresna berritzaile batean

BIM4DW (BIM for demolition waste) tresna da, eta eraispen aurreko auditoretzak errazteko diseinatua da. Tresna honen bidez, eraikin bateko material-motak eta -kopuruak kuantifika daitezke, azkar eta zehatz, aldez aurreko informaziorik gabe. Konfiguratzaile intuitibo bati esker lortzen da hori: 2D plano bat oinarri hartuta, eraikina era erraz batean modelatzen du, eta lau mailatan sailkatzen ditu elementuak, elementu bakoitza dituen materialekin lotuta. Horrela, sektorean ohikoa den zailtasunetako bat konpontzen da: planorik eta informaziorik eza.

Eraispena optimizatzea eta zirkulartasuna hobetzea

Soluzioaren funtzionalitateek eraispen-prozesua eta hondakinen kudeaketa optimizatzen laguntzen dute, eta, hala, baliabideen zirkulartasun handiagoa lortzea sustatzen da. Eraispenaren plangintza egin eta hondakinak kudeatu ez ezik, tresnak jarduketaren kostuak eta ingurumen-inpaktua kalkulatzen ditu automatikoki.

Soluzioa Lezama Demoliciones enpresaren jardueran inplementatzeak aukera ematen dio enpresari jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloan aurrera egiteko, berrikuntza teknologikoaren bidez.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Europan

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak hondakin-fluxu handiena dira Europar Batasunean, bolumenari dagokionez, eta gero eta behar handiagoa dago haiek balorizatzeko. Soluzio berritzaile eta efizienteek, BIM4DW kasu, bigarren mailako eraikuntza-lehengaiak berreskuratzen laguntzen dute balio-kate zirkular osoan.

Halaber, eraikuntzako material birziklatuen eskaria gero eta handiagoa denez, material birziklatuen erabilera eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa egokia negozio-aukera dira eraikuntza- eta birziklatze-industriarentzat.