Berria

European Energy Research Alliancek prestatutako “White Paper on the Clean energy Transition” dokumentua idazten parte hartu dugu

2021ko azaroaren 3a
energías renovables

Energia garbi baterako trantsizioa Europar Batasuneko energia- eta klima-politiketarako funtsezko kontzeptua da

Urriaren 20an, European Energy Research Alliancek (EERA) prestatutako White Paper on the Clean Energy Transition dokumentua aurkeztu da. Hura idazten parte hartu dute gure adituek, energian eta kliman adituak diren beste espezialista batzuekin, ikerketa-komunitateko kideekin eta beste eragile garrantzitsu batzuekin batera.

Liburu Zuri enblematiko horrek klima-neutraltasuneranzko ikuspegi diziplinarteko, holistiko eta sektoreartekoa exijitu du, eta gobernantzaren konpartimentu estankoak hautsi eta gure eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzea eskatu. Dokumentuak berotegi-efektuko gasen isurketa-iturriak aztertzen ditu sektore ekonomiko guztietan. Gogorarazi digu ezen, energiaren erabilera berotegi-efektuko gasen isurtze antropogenikoen % 75 inguru bada ere, haietatik heren bat baino ez dela sortzen zuzenean energia-sektorean. Horrenbestez, neutraltasun klimatikoa lortzeak askoz ere erronka handiagoa eskatzen du, energia-sektorea per se deskarbonizatzea baino.

Energia garbi baterako trantsizioa

Energia garbi baterako trantsizioa Europar Batasuneko energia- eta klima-politiketarako funtsezko kontzeptua da. Klimaren neutraltasunetik harago hedatu behar da, ekitate soziala txertatzeko eta, modu zabalagoan, hura jasangarritasun globalaren eta erresilientzia sozialaren kontzeptuekin lotzeko. Alderdi teknologiko nagusietatik harago, trantsizioak baditu alderdi sozioekonomikoak ere, eta diziplinarteko ikuspegia eskatzen du politikak formulatzean

Trantsizio-agertokiak funtsezko plangintza-tresna dira, etorkizuna taxutzen duten funtsezko faktoreak eta gainditu beharreko oztopo kritikoak ebaluatzeko aukera ematen baitute, eta Liburu Zurian funtsezko alderdi batzuk hartzen dituzte: digitalizazioa; zirkulartasuna; sektoreak uztartzea eta sistemak integratzea; politika, erregulazioa eta merkatuak; herritartasun energetikoa, kulturak, praktikak eta bizimoduak. Alderdi horiek gizarte-sendotasun orokorra ematen diete trantsizio-agertokiiei, haietatik neurri politiko koherente eta integratuak eta haiek ezartzeko ekintzak sortuko direla bermatzen baitute.

Dokumentua lehen saiakera da arduradun politikoei energia garbi baterako trantsiziorako kontzeptu-esparru bat eskaintzeko, eta gizarte bidezko, jasangarri, lehiakor eta klimatikoki neutro baterako ahalik eta biderik onena definitzen laguntzeko.

Informazio gehiago