"AFarCloud plataformak droneak hedatzen ditu abeltzaintza estentsiboko zaintza-misioetan, abereak ikusteko edo harrapakariak hautemateko"
Misioetan ibilgailu autonomoak modu kooperatiboan erabiltzeak efizientzia hobetzen du, eta misioa gauzatzeko denbora eta kostua murrizten ditu
TECNALIAk, AFarCloud ekimenaren bidez, lidergoa eraman du protokolo anitzeko IoT plataforma bat abian jartzeko nekazaritza-ustiategietako gailu eta sistema tradizionaletarako eta sentsorika-datuak atzitzeko: horrek aukera ematen du laboreak eta abereak monitorizatzeko eta erabakiak hartzeko.
Plataforma horrek soluzio bat eskaintzen du nekazaritza-misioak ibilgailu autonomo kooperatiboekin gainbegiratzeko, droneekin egiten diren misioak, zehazki; UGVak (Unmanned Ground Vehicles) eta ISOBUS traktoreak.
AFarCloudek zenbait motatako nekazaritza-misioak automatizatzea eta hedatzea errazten du; izurriak detektatzeko eta laboreen osasuna monitorizatzeko kamera multiespektralez hornitutako droneak erabiltzen dituzten misioak; produktu fitosanitarioak kantitate eta leku zehatzetan modu efizientean emateko UGVak erabiltzen dituzten misioak; edo ISOBUS traktoreentzako preskripzio-mapen bidez eman behar diren hazien, ongarrien eta abarren dosiak kudeatzen dituzten misioak.
Gisa horretako ibilgailuak ez dira doitasun-nekazaritzan soilik erabiltzen. Plataformak droneak hedatzeko aukera ematen du, abeltzaintza estentsiboko zaintza-misioetan abereak ikusteko edo harrapakariak hautemateko.
DDS Data Distribution Service teknologia
Misio horiek denbora errealean gainbegiratzen dira, DDS (Data Distribution Service) teknologiari esker; latentzia ultrabaxua behar duten sareetan datuak trukatzeko estandar bat da teknologia hori. AFarCloud plataformak teknologia hori erabiltzen du ibilgailuak beren artean eta zerbitzariarekin komunika daitezen, denbora errealean; horrek aukera ematen du ibilgailuen egoera eta ibilbidea etengabe kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko.
Doitasun-nekazaritzaren helburua da laboreak kudeatzea haiei eragiten dien faktore oro behatuta eta kontrolatuta. Ibilgailu autonomoak oso tresna egokiak dira behaketa- eta kontrol-zeregin horiek gauzatzeko. Gainera, ibilgailu arinak erabilita, hala nola UGVak edo droneak, murriztu edo saihestu egiten da trinkotzearen ondorioz lurzorua degradatzea.
Gaur egun, badira nekazaritza-lanak ibilgailu autonomoen bidez egiteko aukera ematen duten zenbait soluzio; hala ere, ez dago kooperaziorik eta interoperabilitaterik zeregin horiek egiten dituzten fabrikatzaileen sistemen, makinen eta gailuen artean.
Horren guztiaren ondorioz, ezin da nekazaritza-prozesuen ikuspegi holistiko eta integratua izan laboreen garapen-fase guztietan. Era berean, gaur egungo merkatuko soluzio gehienek ez dute aukerarik ematen atazak modu kolaboratiboan egiteko makina-multzoen bidez.